Oñatin izan ziren iaz Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanblada topaketak eta hiru ildo nagusi jorratu zituzten: autodefentsa, botere harremanak eta bizitzako esparruak. Aurten, ildo berberei eutsiko diete, hasitako bideari segida eman asmoz. Arrotxapeko gaztetxean izanen dira, ostiraletik igandera arte. Igandean, mobilizazioa antolatu dute: 13:00etan izanen da mobilizazioa, Gaztetxe eta gune autogestionatuak aurrera lelopean.
Hiru ildoren bueltan
Bizitzako esparruak. Horra landutako arloetako bat: "Autogestioa praktika politiko eta sozial gisa harturik, ekoizpen eta sorkuntzarako bitartekoak eskuratu eta garatzeko ildoa dugu hau. Autogestioaren praktika hainbat esparruetara (elikadura, etxebizitza, sorkuntza, hezkuntza, osasungitza,…) zabaltzearen beharrean sakonduko du".
Bigarrena, harremanak: "Gure artean eraikitzen ditugun harremanen zaintza eta kudeaketarako lan ildoa. Asanbladaren izaera kolektiboan eta botere harremanen (sexuari, adinari… dagokionez) identifikazioan sakonduko du eta horiek kudeatzeko tresneria eskaini".
Eta hirugarren eta azkena, autodefentsa: "Beste eredu eta harreman sozial berriak eraikitze bidean sortzen ditugun proiektu, okupatzen ditugun gaztetxeak eta jada daudenak defendatzeko autodefentsaren praktikan sakontzea nahitaezkoa dugu. Gu geu babesteko garatuko ditugun saretze eta elkarlanerako tresnak sortzea, alegia. Lan ildo honek horretan sakonduko du".