Transexualitatea ikusarazteko egunarekin bat egin du Iruñeak, eguerdian Udaletxe plazan egindako elkarretaratzearen bitartez. Ekitaldian udal-talde gehienek onetsitako testu bat irakurri dute Berdintasun eta LGTBQIko zinegotzi berezi Laura Berrok (gaztelaniaz), eta Gizarte Ekintzako eta Komunitate Garapeneko zinegotzi ordezkari Edurne Eguinok (euskaraz).
Testua hitz hauekin hasten da: “Transexualek diskriminazio-mota berezi bat jasaten dute, beren sexua ez datorrelako bat jaiotzean egokitu zitzaienarekin, eta, hortaz, gizarteak esleitzen dion generoaren bestelakoa eraikitzen dutelako. Transexualitatea giza-dibertsitatearen beste identitate bat baino ez den aldetik, ezagutu eta ikusarazi egin behar da. Gaur, martxoak 15, genero-identitate horiek guztiak ikusarazteko eguna da. Horrelako egun bat izatea, finean, aurreiritziak eta estereotipoak desegiteko tresna bat edukitzea da, urteko gainerako egunetara ere zabaldu beharreko tresna, transexualitatea EZ baita gaitz edo patologia, askotan hala saldu badigute ere; transexualitatea identitate bat baino ez da, aniztasunaren barruan ulertu beharrekoa”.
“Oraindik ere transfobia eta genero-arrazoiengatiko diskriminazioa gure gizarteko errealitatea” direla ere jaso du adierazpenak “eta horregatik, hain zuzen ere, beharrezkoa da ekintzak eta politikak garatzea berariazko arazo horiei modu egokian aurre egiteko. Transexualak beren identitate-generoarekin bat tratatu behar ditugu, bere sentitzen duten sexuarekin bat datorren generoarekin, horrela agertzen direlako gizartean. Errealitate hau aitortzea lehenengo urrats bat da aipatu desberdintasunak eta diskriminazioak hauteman eta ikusarazteko, eta baita ere, transexualen beharrei erantzuteko konpromisoa hartzearen aldeko urratsa, hartara aitortuta LGTB kolektiboek lehen eta orain egiten duten lana”.
Amaitzeko, zera adierazi dute: “Ondo dakigu gaiari osoki heldu behar zaiola, trans pertsonen eskubideak gainerako herritarren baldintza beretan betetzen direla bermatu nahi badugu, eta horrexegatik, Udalak konpromiso hau adierazten du:
Tokian-tokiko politikak bultzatuko ditugu, honako programa eta neurri hauen bitartez: transfobiaren aurka egiteko kanpainak eta ekintzak; transexualendako eta haien senitartekoendako berariazko arta- eta aholkularitza-zerbitzuak; eta bestelako ekintzak, transexualek tamalez jasaten dituzten diskriminazio-egoerak, estigmatizazioa eta eskubide urraketak saihesteko. Publikoki salatuko ditugu transfobia instituzional eta sozialaren adierazpen mota oro, eta transexualitatea ikusaraziko dugu, hartara aurrera egiteko gizarte-eredu batera non ez den diskriminaziorik egongo sexu- edo genero-identitateagatik, non pertsona guzti-guztiek sentituko duten eskubide berdinak eta duintasun-maila berbera aitortzen zaizkiela, berdinak eta askeak direla, alegia”.