Pixkanaka-pixkanaka forma hartzen ari da Pellejerias txokoko hiri-baratzea, La Piparrika elkarteko kideen eta Alde Zaharreko hainbat herritarren auzolanari esker. Udalak lan tresnak jarri ditu, eta auzokoek lan indarra.
Otsailean, Iruñeko lehen hiri baratze ekologikoaren aurkezpena egin zuten Kondestablearen jauregian. Eta azken bi larunbatetako elkarlanetan, plantazioak egiteko kutxa handiak eraiki dituzte.
Baratze lana ez dute eginen lurrean, baizik eta kutxa horien barruan. Txokoaren erdialdeko kutxa horien guztien artean 200 metro koadroko azalera izanen dute. Horietan, baratze ekoizlea, baratze medizinala, hezkuntzarako baratzea eta haztegia eginen dituzte. Aurki kutxa gehiago eginen dituzte alboetan, eta konposta egiteko gunea ere prestatzen ari dira.