Osasunaren auzian hemezortzi lagun inputatzeko zantzuak aurkitu ditu epaileak

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 16a, 18:25

Artxanko eta bere zuzendaritza taldea, Zabaletaren gestora eta Betiseko hiru jokalari ohi inputatu ditu epaileak. Petar Vasiljevic egungo entrenatzailea eta Patxi Puñal jokalari ohiaren aurkako auziak artxibatu egin ditu.

Osasuna auzian ikertzen ari ziren 29 lagunetatik 18 inputatzeko zantzuak aurkitu ditu epaileak. Miguel Artxanko, bere zuzendaritza taldeko kideak eta Betis taldeko hiru jokalari ohi Antonio Amaya Carazo, Jordi Figueras Montiel eta Xavier Torres Buigues.
Iruñeko 2. Instrukzio Auzitegiko epailearen arabera, Osasunaren kontuetatik 2,2 milioi euro atera zituzten azalpenik gabe 2012 eta 2014 bitartean, orduan presidente Miguel Artxanko zela.

Bidegabeko jabetzea, dokumentuak eta kontuak faltsutzea eta kirol ustelkeria leporatu die, besteak beste. Helegitea aurkezteko aukera dute ikertuek, eta epaileak hogei eguneko epea eman die fiskalari eta akusazioei —Osasunari eta LFP Espainiako Futbol Liga Profesionalari— akusazio idatziak aurkez ditzaten.

Betis-Valladolid, Espanyol-Osasuna eta Osasuna-Betis partidetan iruzur egitea egotzita, epaileak 29 lagun inputatu ditu guztira, tartean Osasunako azken bi presidenteak, Kudeaketa Batzordeko kide izandako hainbat lagun, kudeatzaile ohia, zuzendaritzetako hainbat kide, klubeko hainbat langile eta hainbat futbolari eta futbolari ohi.

2015eko ekainaren 17an azaleratu zen Osasuna auziaren zati handi bat. Epaileak ondorioztatu zuen 2013-2014ko denboraldian diru ugari partidak erosteko baliatu zutela. Ikerketa lerro horren arabera, 250.000 euro ordaindu zizkieten Espanyoleko jokalariei, Osasunaren aurkako partida berdintzearen truke, eta 650.000 euro Betisekoei, bi zatitan banatuta; 400.000 euro Valladolidi irabazteagatik, eta 250.000 euro Osasunaren aurka galtzeagatik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!