PPNk eta UPNk hala eskatuta Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak Altsasuko atxiloketez hitz egin du Nafarroako Parlamentuan. Gertatutakoa ezin dela "taberna giroko eztabaida batera txikiagotu", baina ezta "terrorismo ekintza gisa dramatizatu ere". Atxiloketen inguruan, Barkosek esan du ez zirela "beharrezkoak", eta horren ordez deklaratzera dei zitzaketela.
Ahal Dugu-ren iritziz, "larria" da gertakariak "terrorismotzat" jotzea. Laura Perezek "Iraganeko garaietara itzultzearen sentipena" duela azaldu du, eta uste du "arriskutsua" dela nola ari diren gertatutakoa "handitzen, herri oso bat kriminalizatuz".
EH Bilduk espetxeratuak "berehala" askatzeko eskatu du. Adolfo Araiz parlamentariak esan duenez "Zentzugabekeria politiko izugarria da kasu hau".
Koalizio subiranista gobernutik kanporatzeko eskatu diote Barkosi UPNk eta PPNk, baina entzungor egin die gobernuko presidenteak.