Iruñeko Udalak helduendako kirol jarduerak eskainiko ditu

Euskalerria Irratia 2016ko ira. 12a, 12:49

Mantentze-gimnasia, aerobica, yoga, ariketa fisikoa eta igeriketa daude. Izena emateko epea asteazkenean hasiko da.

Asteazkenetik aurrera eman ahal izango da izena 2016-2017 ikasturterako Iruñeko Udalak antolatu dituen helduendako kirol zein ariketa fisikoko jardueretan. Aurten ere, bost jarduera mota eskainiko dira: mantentze-gimnasia, aerobica, 50 urtetik gorakoendako yoga,  65 urtetik gorakoendako ariketa fisikoa eta igeriketa. Joan den ikasturtean guztira 3.225 lagun aritu ziren jarduera horietan.

Irailean eman ahal izango da izena, data ezberdinetan, jardueraren arabera. Ikastaro guztiak urrian hasiko dira eta maiatza edo ekainera arte luzatuko dira, helduendako igeriketa izan ezik, jarduera hori hiruhilekoa baita, abendura arte.

Programa guztiak hiriko polikiroldegi eta ikastetxetan egingo dira, eta horien bidez kirola eta osasuna sustatu nahi ditu Udalak. Joan den ikasturtean 1.161 lagunek hartu zuten parte helduendako mantentze-gimnasia eta aeobic programan; 796k, yoga saioetan; 65 urtetik gorakoendako ariketa fisikoko programan, 227k; eta 1.041 helduk eman zuten izena igeriketa kanpainan eskaintzen diren maila ezberdinetako eskoletan.

Mantentze-gimnasia eta aerobika

Mantentze-gimnasia 17 zentrotan egingo da: San Cernin ikastetxean; Nafarroako Blanca ikastetxe zaharrean; Vázquez de Mella, San Frantzisko, Iturrama, San Juan de la Cadena, José María Huarte eta Elorri ikastetxe publikoetan; Amaiur Udal Ikastolan; Navarro Villoslada BHI-n; Arrosadiko, Ezkabako, Azpilagañako, Arrotxapeko eta José Mª Iribarren kiroldegietan; Arantzadi kirolgunean; eta Iturramako Civivoxean. Intentsitate-maila txikikoa, ertainekoa eta altukoa izango da. Aerobic-saioak, berriz, San Cernin ikastetxean, Ermitagañako udal-kiroldegian,  Elorri IP-n, Arantzadi kirolgunean eta Mendillorriko trinketean egingo dira.

Irailaren 21ean eta 22an eman beharko dute izena interesdunek, eskolak ematen diren tokietan, 19:00etatik 21:00etara. Urdi enpresaren bulegoetan ere eman daiteke izena (Larrazko kalea, 91, 110. bul., Antsoain), irailaren 19tik 23ra, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, www.urdigym.com webgunean, urdisl@urdisl.com helbide elektronikoan eta 948 38 22 58 fax zenbakian. Izena emateko kuota 116,16 eurokoa da ( % 50eko murriztapena familia ugaria izateagatik, eta %30ekoa desgaitasunagatik eta alargun izateagatik.  Ezin dira murriztapenak metatu). Ikastaroak urriaren 3an hasi eta ekainaren 16an amaituko dira. Ikastaroei buruzko informazio gehiago jasotzeko, 948073910 telefonora deitu.

50 urtetik gorakoendako yoga eta 65 urtetik gorakoendako ariketa fisikoa

Iruñeko Udalak antolatu dituen 50 urtetik gorakoendako yoga eskolak urriaren 3an hasi eta ekainaren 23an amaituko dira. Arrosadiko, Ezkabako eta Arrotxapeko udal-kiroldegietan, Mendillorriko eta Iturramako Civivoxetan, Arantzadi kirolgunean eta Sanduzelaiko Kirol Hirian egingo dira. Izena emateko kuota 96 eurokoa da, astean 3 ordurengatik, eta 64 eurokoa, astean 2 ordurengatik. Eskolak non, eta toki horietan berean emango da izena, irailaren 14, 15 eta 16an, 19:00etatik 21:00etara. Familia ugariendako % 100eko murriztapena dago; hots, izen ematea doan da. Bada, baita ere, % 50eko murriztapena desgaitasunagatik, eta %30ekoa, alargun izateagatik (ezin dira metatu).

Irailaren 14tik aurrera ere 65 urtetik gorakoendako ariketa fisikoko programan izena eman ahal izango da, Bonafau I, Bonafau II, Adaka eta Abejeras gimnasioetan, eta Surya, Le Bal, Hera eta Hydra zentroetan. Eskolak urriaren 3an hasi eta maiatzaren 31n amaituko dira. Izena emateko kuota 120 eurokoa da.

Helduendako igeriketa

Helduendako igeriketa kanpainan izena eman nahi dutenek, irailaren 29tik urriaren 4ra arte izena eman beharko dute, Nafarroako Igeriketa Federazioan. Hastapen- eta hobetze-mailan zein mantentze fisikorako ikastaroak antolatu dira, eta bi saio egingo dira astean, urriaren 5etik abenduaren 22ra arte. Izena emateko kuota 73 eurokoa da.

Igeriketa-eskolak Arantzadi kirolgunean, Sanduzelaiko Kirol Hirian, Arrotxapea KKEn, Guelbenzu Josteta zentroan, Txantrea KKEn eta Aquabiden egingo dira. Ikastaroa Arantzadi kirolgunean eta Arrotxapea KKEn egin nahi dutenek irailaren 29 eta 30ean eta urriaren 3 eta 4an izena eman ahal izango dute; Guelbenzun eta Sanduzelaiko Kirol Hirian, irailaren 30ean eta urriaren 3 eta 4an; Txantrea KKEn eta Aquabiden urriaren 3 eta 4an eman beharko da izena. Izena emateko ordutegia honako hau da: 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Informazio gehiago eskatzeko, Nafarroako Igeriketa Federazioarekin harremanetan jarri, Paulino Caballero kaleko 13. zenbakian, 948 22 72 79 telefonoan edo www.fnn-nif.com webgunean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!