Ateak ireki bezain pronto korrikaldi bizian hasi da saldoa. Sei adardunak batera abiatu dira Santo Domingon gora, arazo handirik gabe, eta korrikalarien kontra ekinaldi berezirik egin gabe. Erori egin da, ordea, gaztain koloreko adardun bat, eta lehen izu uneak zabaldu dira.
Abiada bizian mugitu dira Pedraza de Yeltes ganadutegiko animaliak. Igandea izanik, atzo gertatu gisan, ohi baino korrikalari gehiago zeuden eta animaliak zein korrikalariak gehiagotan egin dute estropezu. Maizago erori dira.
Lurra, labainkor
Udal plazatik ezbeharrik eragin gabe igaro ostean, beti labainkor suertatzen den Merkaderesera iritsi dira. Erorikoak egon dira, eta korrikalarien kontra oldartu dira piztiak. Bat nabarmentzekoa: zezen batek zuzenean jo du hesian zegoen mutiko baten kontra, eta paretan sartu du.
Estafetara sartuta, abiadura eta arriskua egon da zuzen zuzena den kalean. Aldeak jendez lepo zeuden eta korrika egiteko toki gutxi izan dute bertaratutakoek. Eroriko ugari egon dira eta zezenak korrikalarien gainetik igaro dute kalea.
Kalejoian ez da pilaketarik egon, ez eta eroriko berezirik ere. Lehenengo aldia zuten Pedraza de Yelteseko adardunak, eta bikainki erantzun diote lasterketaren mailari, entzierro azkarra osatuz. Bi adarkatu eta hiru zauritu egon direla jakinarazi dute.