Sanferminak 2016

Lehen entzierroa azkarra eta garbia izan da

Euskalerria Irratia 2016ko uzt. 7a, 09:50

Fuente Ymbro ganadutegiko zezenek osatu dute lehen entzierroa. Arg:eitb.eus

Gurutze Gorriaren lehen datuen arabera, bost lagun artatu behar izan dituzte kolpeengatik. Adarkaturik ez da izan.

Fuente Ymbroko zezenak ikusi ditugu 2016ko sanferminetako lehen entzierroan. Bi minutu eta hogeita zortzi segundu behar izan dituzte zezenek entzierroko 825 metroak egiteko.

Zezen beltz batek gidatu du ibilbidea. Eta gainerakoek ia batera egin dute ibilbide osoa, nahiz eta entzierroaren amaieran bi taldetan izan diren korrika.

Lehen informazioen arabera eta Gurutze Gorriko kideek esan dutenez bost lagun artatu dituzte eta haietako bi ospitalera eraman behar izan dituzte, denak ere kolpeengatik. Horrez gain erorikoak izan dira nagusi lehen entzierroan.

Garbia, azkarra eta jende askoren parte hartzearekin joan da aurtengo sanferminetako lehen entzierroa.

Lasterkariei, korrikaldi politak egiteko aukera eman die lehen entzierro honek, hori bai, oso azkar joan da. Jende asko ibilbide osoan.

11 aldiz izan dira Iruñeko entzierroan Fuente Ymbrokoak, Kadizeko ganadutegikoak. 2005ean izan zen lehen aldiz. Guztira bost adarkada eman dituzte eta 49 traumatismo eragin dituzte.

Bigarren entzierroa, uztailaren 8an

Uztailaren 8arekin iritsiko da bigarren entzierroa. Cebada Gago anaien ganadutegiko zezenak izanen dira ibilbidea osatuko dutenak. Arratsaldean zezen plazan Eugenio de Mora, Pepe Moral eta Javier Jimenez toreatzaileak ariko dira.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!