Espainiako Poliziak hainbat gazte zauritu ditu Mendillorriko Gazte Eguneko kalejiran

Euskalerria Irratia 2016ko ekainaren 24a

Argazkia: Mendillorriko gazteak korrika, Poliziaren oldarraldiaren aurrean.

Jai giroan ospatzen ari ziren eguna gazteak, poliziaren furgoneta bat agertu, eta agenteak euren kontra kolpeka oldartu arte; gutxienez bost gazte joan dira ospitalera. Kalejira egiteko baimena zuten.

Musika zeraman kamioi bat eta gazteak kalejiran, festa giroan. Horiek izan ziren Mendillorriko Gazte Egunaren osagaiak, atzo. Espainiako Polizia azaldu arte. Gazteek kalejira egiteko Iruñeko Udalaren baimena bazuten ere, euren kontra oldartu ziren agenteak, bortizki.

Kalejira legeztatzeko tramiteak egin zituen pertsona ez zegoen une horretan bertan, eta gainontzeko antolatzaileek agenteei adierazi zieten arren baimena izan bazutela, jaramonik egin gabe borraz egin zieten eraso.

"Hainbat zauritu" egon direla jakinarazi du Ahotsa.info-k, bai eta horietako asko adingabeak direla. Bost ospitalera joan ziren: horietako batek kolpe latza jaso zuela aditzera eman dute, tinpanoa minduta daukala, eta entzumena gal dezake. Beste bati bost sutura puntu eman behar izan dizkiote medikuek, eskua odoletan baitzuen. Gazteek salatu dutenez, aulki gurpildunean zegoen gazte bat ere bultzatu dute poliziek.

Oldarraldia gertatzen ari zela, Aritz Romeo Iruñeko Herritarren Segurtasunerako zinegotziarekin harremanetan jarri ziren Gazte Eguneko arduradunak, gertatutakoa salatzeko. Romeo Espainiako Poliziaren Agintaritzarekin kontaktatu, eta gazteek baimena zutela berretsi ostean, alde egin zuen Poliziak Mendillorritik.

Argazkia: Ahotsa.info-tik hartuak, Creative Commons lizentziari esker.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!