Sexu askatasunaren egunaren harira egitarau oparoa prestatu du Ekainak 28-ko plataformak

Euskalerria Irratia 2016ko ekainaren 20a

Argazkia: Ekainak 28ko plataformako kideak, egitaraua aurkezteko eskainitako prentsaurrekoan.

"Aniztasun sexualak dakarren aberastasunaz" ohartarazi nahi ditu herritarrak, eta horretarako, makina bat hitzaldi, mobilizazio eta mahai inguru izanen dira.

Dokumentalen proiekzioa, solasaldiak, herri bazkaria eta kontzertuak, mobilizazioa... askotarikoak dira Ekainaren 28ko plataformak sexu askatasunaren egunaren ingurumarian Aniztasuna ospatuz, errealitateak transformatzen lelopean antolaturikoak.

Aspaldian hasitako lanari jarraiki, jendea "ohartarazteko eta sentsibilizatzeko" kanpaina egin nahi dute, eta, bide horretan, heziketa afektibo sexuala nahitaezko eskola curriculumean txertatu behar dela deritzote.

Halaber, Orlandako gertakariaren inguruko irakurketa egin du plataformak. "Orlandokoa ez du egin ero batek, terrorista bakarti batek, ez da ekintza puntual bat. Ezbairik gabe, gure kolektiboak jasan duen eraso LGTBfobikorik makurrena da, eta atsekabez eta amorrazioz bete gaitu. Sarraskia gaitzesten dugu, eta baita ere, hein batean edo bestean, mundu guztian bizi dugun giro txarra eta herra, aukera sexual ez-ohikoak egiten dituzten pertsona eta taldeen kontra, genero identitatea ezberdina dugunon kontra. Eta ez da urrutira joan beharrik halakoez jabetzeko", esan dute.

Ildo berean, lesbofobia, homofobia eta transfobiari lotutako beste jarrera batzuk ere kritikatu dituzte. "Ezin ditugu ahantzi Cañizares kardinalak lehengoan botatakoak; nola erasotzen gaituzten jendaurrean elkarri amodioa erakusten diogunean, aniztasunerako heziketa afektibo-sexualik eza ikaskuntza planetan, gazte transexual, lesbiana, gay eta bisexualen aurkako bullyinga ikastetxeetan, arbuio mezuak arau heterosexualari jarraitzen ez diogunoi, eta gizartearen sektore batzuek nolatan gauzkaten hankapean erregimen patriarkal, matxista eta homofoboa baliatuz".

Testuingurua jarri diete gertakariei, beraz. "Deklarazio eta jarrera horiek; noiznahi aditzen diren esaldi sexista eta homofoboek; bereizkeriako, arbuiozko, eta ondokoak baliogabetzeko eta barregarri uzteko jokabideek giro LGTBfobikoa sortzen dute eta horren fruitu dugu Orlandoko gertakaria, aipatutako giroa zitaltzearen, gogortzearen eta muturrera eramatearen ondorio".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!