"UPNren garaikoak diren jarrera kazikeak" lekuz kanpo daude, Herri Sanferminak plataformaren aburuz. Lau indarren udalari zuzendu zaio zuzenean, udaletxe plazan larunbatean egindako prentsaurrearen bidez. Izan ere, Iruñeko herri eragile asko beregain hartzen dituen taldeak eta udalak ez dute adostasunik erdietsi: plazen esleipena egiteko modua eta ordutegiak dira gatazka iturri.
"Udal gobernuko lau alderdiek erraztasun gutxi eman dituzte", plataformako kideen ustetan, eta hori "jai eremuan eraldaketa sozialari eman dioten garrantziaren parekoa da". Herri Sanferminak plataformako eragileek salatu dutenez, udalak ez ditu "subjektu legitimo gisa" aintzat hartu.
Prozesu malkartsua
Bi salaketa nagusi egin dituzte. Bat: espazioak lehiaketa publiko baten bidez egitea, sanferminetako mahaian egon direnekin erabakiaren inguruan galdetu gabe. Lehiaketaren aurka azaldu dira horregatik, hiriaren dauden eragileak "aurrez aurre" jartzen baititu, eta beren parte hartzea "deslegitimatzen" duelako.
Bi: udalak ezarritako ordutegiak beteko dituzte, beraiek ere egokienak direla baiteritzote, nolanahi ere, instituzioek trabak jarri dizkietela uste dute. "Gau eredu kontsumistarekin" amaitu nahi du Herri Sanferminak plataformak, eta makro guneak "hustearen aldeko apustua" egin du, "jai deszentralizatua" bilatzeko. Hala, Alde Zaharreko bizilagunek "orain arteko ereduarekin" pairatutakoa salatu du.
"Ematen du 'aldaketaren alderdi' izena jarri duten batzuek ez dutela ulertzen aldaketa herritarrokin izanen dela edo ez dela aldaketarik izanen"
"Ematen du 'aldaketaren alderdi' izena jarri duten batzuek ez dutela ulertzen aldaketa herritarrokin izanen dela edo ez dela aldaketarik izanen", kritikatu dute. Eta ñabardura gaineratu: "Herritarroi aldaketa egiten utz diezagutela eskatzen diegu, gure ordezkaridirelako gure botoei esker".
Desadostasunak desadostasun, Herri Sanferminak plataformak aurrera segituko, eta herri sanferminek egitaraua aurkeztu du.