"Poza, lasaitua, emozioa...". Ilusioz jaso du Iruñeko euskalgintzak bi haur eskola berrien zabalpena. Itziar Luri Iturrama auzoko gurasoak egin du irakurketa. Hirugarren semea etxetik gertu eta euskaraz matrikulatu ahalko du. Lehenengo aldiz. Aurrekoak ez bezala.
"Gure nahi bakarra euskaraz bizitzea da". Esaldi bakarrean laburbildu du guraso euskaldun askoren ikuspegia haur eskolen auzian. "Gure txikiak eleanitzak izan daitezen apustua egiten dugu eta hori euskaratik egin nahi dugu, gure hizkuntza delako, iruindarron hizkuntza delako".
"Herritar gisa gure betebeharrak guztiek bezalaxe bete behar izan baditugu ere, gure eskubideak zapalduak izan dira". Kritiko mintzatu da orain artekoaz, aurrera begira txanponaren beste aldea ikus daitekeelakoan badago ere.
"[Euskarazko bi haur eskolen irekiera] guztientzako justuagoa den egoera batera iristeko lehen urrats bezala bizi izan genuen. Eta urrats txikiak sortutako ilusioa egun batetik bestera airean geratu zen. Ezin duzue irudikatu ze aste gogorrak bizi izan ditugun. Baina gaur, hori guztian atzean utzita, datorren ikasturtean gure txikiak euskaraz eskolatuko ditugula jakiteak ematen digun poza konpartitu nahi dugu".
Iruñeko euskalgintza kontent bada ere, Iruñeko Udalak egindakoa eskertu, eta Nafarroako Gobernuari zuzendu zaio. Exekutiboaren esku dauden bost haur eskoletan ere euskara txertatzea du xede euskalgintzak. Eskaintza justifikatzek: Iruñeko Udalak egindako inkestaren emaitzak hartu ditu aintzat, bertan azaldu baitzen euskarazko eskaria %27koa bada ere, gurasoen eskaintza %38koa dela.