Sortzen: "Orain arte izan dugun egoera ulergaitza zen, eta justiziarekin zerikusirik ez zuena"

Euskalerria Irratia 2016ko eka. 15a, 14:02

Iruñeko euskarazko bi haur eskola berriei bide eman die epaileak, behin behineko prozesuaren geldialdia etenda. Erabakia "garaiz" iritsi da, Sortzenen aburuz.

Sortzenek espero zuen epaia zen bi euskarazko haur eskolei bide ematearena, eta irakurketa baikorra egin du, beraz.

"Espero genuen erabakia etorri da, eta eskerrak garaiz etorri den! Epaile baten erabaki
batek airean zeukan Iruñeko 1.200 familien etorkizuna, eta airean utzia zeukan ere
abuztuaren erdialdean Iruñeko 17 haur eskolek bere ateak normaltasunez irekitzea.
Familien artean urduritasuna eta ezinegona sortzeaz gain, Udalak egin behar duen
kudeaketa neurri gabe zailtzen ari zen", salatu dute idazki baten bidez.

Bi euskarazko haur eskola gehiago ezartzeak "guztien eskubideak" defendatzen dituela adierazi du. Horregatik, lasaitua azaldu du behin behineko neurria bertan behera geratu dela ikusita. "Orain arte, maiatzetik alegia, izan dugun egoera ulergaitza zen, eta justiziarekin zerikusirik ez zuena".

Iraganeko garaiekin lotu du, gainera, gaiaren inguruan sorturiko kalapita, "euskararen kontrako jazarpena, euskarari bideak etengabe ixtea" zegoen garaiarekin, hain justu.

Ondorioz, orain, "arnasa" berreskuratu delakoan dago. Halaber, "euskarari bide ematen" segitzeko dei egin du: horretarako, gaur arratsaldeko Iruñeko Haur Eskolen gurasoen batzarrerako deialdia babestu du. Iruñezar euskaltegian izanen da, 17:30ean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!