Joseba Asiron Iruñeko alkateak harrera egin die gaur goizean txupinazoa botatzeko sei hautagaitzen ordezkariei, hori nork eginen duen herri-bozketaren bidez erabakiko den lehen urtean. Peñen Federazioa, París 365 Gizakia Herritar Fundazioa, Jesús Ilundáin Zaragüeta ‘El Tuli’, Oberena Dantza Taldea, Sanferminak Berdintasunean Taldea eta Hipotekak Kalteturikoen Plataforma (PAH) dira sei hautagaiak, berrogeita hamar elkarte inguruk osatzen duten Sanferminetako Mahai Orokorraren abalak eskuratu baitzituzten. Festei hasiera nork emanen dien Alkatearen eskumena da, eta aurten Iruñeko alkateak erabakia herritar guztien esku uztea erabaki zuen.
Gaur goizean Udaletxean egindako harreran honako hauek izan dira: Rakel Arjol, Peñen Federazioaren ordezkaria, Patxi Lasa eta Alex Remírez, Paris 365 Gizakia Herritar Fundazioaren ordezkaria, Jesús Ilundáin Zaragüeta ‘El Tuli’, Iker Tubia, Oberena Dantza Taldeko ordezkaria, Vanesa Eguiluz eta Iratxe Álvarez, Sanferminak Berdintasunean taldeko ordezkaria eta Conchi Ramírez, Iñaki Aguirre eta Djibrile Rawa, Hipotekak Kaltetutakoen Plataformako (PAH) ordezkaria.
Bozketak aurrez aurre, telefonoz zein webgunearen bidez
Herri-bozketa ekainaren 10ean hasi zen, gaurko 14:30ak arte 6.191 lagunek eman dute botoa. Horrekin lotuta, aipatu daiteke aurtengo sanferminak iragartzen dituen kartela aukeratzeko bozketan 6.078 lagunek hartu zutela parte, hau da, 2015ean baino % 19 gehiagok.
Botoa emateko epea ostegunean amaituko da, hilaren 16an, 21:00etan, Civivox sarean aurrez aurre egiteko, eta ostiralean, hilaren 17an, 14:00etan, Udalaren webgunean (www.pamplona.es) edo Herritarrendako Arreta Zerbitzuko 010 telefonoan (948420100 mugikorretik edo Iruñeaz kanpotik deituz gero) eginez gero.
Botoa Udalaren webgunearen bidez emateko (www.pamplona.es), esteka bat dago gunearen azalean, goiko aldeko lau albiste nabarmenduetan. Bertatik botoa emateko pantailara sartzen da, eta bertan sei hautagaitzak agertzen dira. Herritarrendako Arreta Zerbitzuko 010 telefonoak aukera ematen du botoa 8:00etatik 19:00etara emateko, ostiraleko eguerdira arte. Aurrez aurre egin nahi izanez gero, hautetsontziak jarri dira Civivox sareko zazpi zentroetan: Kondestable, Zabalgunean, Iturrama, Juslarrocha, Mendillorri, Milagrosa eta Sanduzelai. Zentroak irekita daude 9:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.
Bozketan parte har dezakete Iruñean erroldatuta dauden eta 18 urtetik gora duten guztiek. Botoa ematen dutenek izena eta abizena eta NAN, AIZ edo pasaporte zenbakia eman beharko dituzte, datuen egiazkotasuna eta botoaren baliozkotasuna egiaztatu ahal izateko. Pertsona bakoitzak boto bakar bat ematen ahalko du.
Hautagai-zerrendak
Peñen Federazioa 1959an sortu zen eta Iruñeko 15 peñek osatzen dute: Alegría de Iruña, Los de Bronce, El Bullicio Pamplonés, Donibane, Aldapa, Anaitasuna, Armonía Txantreana, Irrintzi, La Única, Oberena, Muthiko Alaiak, Rochapea, Sanduzelai, San Fermín eta La Jarana. Baita Antsoaingo El Txarkok ere. Guztira 5.000 bazkide dira. París 365-Gizakia Herritar Fundazioa París 365 jantoki sozialaren eta bertako bestelako baliabideen erakunde sustatzailea da. 2008an sortu zen, eta giza eskubideen defentsan eta justizia soziala lortzearen alde egiten du lan. Eskaintzen dituen baliabideen artean daude familiendako oinarrizko saskiak, zopa beroa, 365 txokoa, txoko-txikia, París Etxea-etxebizitza komunitarioak eta Etorkin aholkularitza-juridikoa.
Jesús Ilundáin Zaragüeta, ‘El Tuli’, Los de Bronce peñako 1. bazkidea da. 85 urte izanda ere, jarduera askotan parte hartzen du, bai festetan baita urtean zehar ere. Horrez gain, berak hasi zuen entzierroaren aurretik goizero San Fermini egiten zaion kantuaren ohitura. Oberena Dantza Taldea folklorearen eta dantzaren inguruan lanean emandako 75 urteak ospatzen ari da aurten. 1941ean sortu zen eta talde aitzindaria izan zen txistulari eskola sortzen, eta 100dik gora txistulari bildu izan ditu. Zenbait dantza tradizional berreskuratu ditu Iruñean, eta, horretaz gain, lan koreografiko berriak ere aurkeztu izan ditu.
Sanferminak Berdintasunean taldea 2014an sortu zen Emakumeen Kontseiluaren ekimenez. Helburua du, besteak beste, berdintasunean eta errespetuan oinarrituriko festak lortzea, eta festaren inguruan izaten diren eraso sexistak errotik ezabatzea. ‘Eraso sexistarik gabeko jaien alde’ kanpainaz gain, informazioa emateko eta sentsibilizatzeko materialak ere prestatzen dituzte. Hipotekak Kalteturikoen Plataforma (PAH) 2009an sortu zen, eta 2011n iritsi zen Nafarroara. Guztira 7 batzorde diru Iruñean eta Iruñerrian. Kalteturiko pertsonei laguntzeaz gain, jarduketa juridikoak eta politikoak ere bultzatzen ditu.
Albistea: ahotsa.info