Iruñeko etorbide nagusiak autoei itxiko dizkiete lau igandetik behin oinezkoek erabiltzeko

Euskalerria Irratia 2016ko ekainaren 10a

Argazkia: Txirrindulari batzuk, Iruñeko udaletxe parean.

Autoentzat hiriko kale zabal bat ixtean datza Bizikalea egitasmoa, "herritarrentzako espazioa berreskuratzeko". Hurrengo igandean hasiko dira, Armadaren etorbidean.

Motorizatutako ibilgailuentzat mugatu, eta oinezkoen eta bizikleten esku jarri. Horra Bizikalea egitasmoaren muina. Iruñeko Udalak diseinatu du, eta, hala, hilero, azken igandean, hain justu, etorbide nagusi bat ixtearekin bat, askotariko ekintza programatuko ditu, iruindarren gozamenerako.

Armadaren etorbidea. Hori izanen da moztuko duten lehena. Hurrengo igandean izanen da, hilaren 19an. Bertan oraindik iragarri gabeko ekimenak gauzatuko dituzte, aisialdiarekin lotutakoak.

Espazioaren "espazioaren eta hiriaren bestelako erabilera batzuk" posible direla erakustea da egitasmoaren xedea, baita Iruñea "atseginagoa eta iraunkorragoa" eraikitzea ere.

Iruñeko Udala Mugikortasun Iraunkorrerako Plana garatzen ari da, baliabide naturalak "ahalik eta gutxien" ustiatzeko asmoz eta ingurumena zaintzeko. Horren barruan koka daiteke Bizikalea.

#Bizikalea honako kale hauetan eginen dute:

  • Ekainaren 19an, Armadaren etorbidean.
  • Uztailaren 24an, Zaragoza etorbidean.
  • Abuztuaren 21ean, Sanduzelai etorbidean.
  • Irailaren 25ean, Pio XII. etorbidean.
  • Urriaren 23an, Martzelo Zelaieta etorbidean.

Bost igande horien ostean, emandako fruituak aztertuko dituzte, eta proiektuaren helburuekin bat egiten ote duten zehazten ahaleginduko dira. gero, prozesu parte hartzailea irekiko dute, hobekuntzak sartzeko helburuarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!