Aranzadik barkamena eskatu du Berroren "akatsarengatik"

Euskalerria Irratia 2016ko maiatzaren 19a

Argazkia: Laura Berro Berdintasun eta LGTBI zinegotzia.

"Irabazi asmorik gabeko gazte elkarte bati eman zaio esleipena, ez enpesa bati", esan du Aranzadik.

Dimisioa eman ala ez eman. Laura Berro Berdintasun eta LGTBI zinegotziaren dilema izan da azken egunotan, Yoar elkarteari esleipen bat adjudikatzearen aldeko botoa eman ostean. Ahizpa du bertako presidentea, eta, beraz, nahasi egiten dira familia eta politika kontuak. Legeak dio, halakoetan, zinegotziek ez luketela botorik eman behar.

Berrok, ordea, "lapsus" bat izan zuela adierazi du, eta bere botoak ez zuela emaitza aldatu. Uhertutako urak ezin izan ditu baretu, hori frogatzeagatik ere.

Orain, dimitituko ez duela jakinarazi dutenean, agerraldi publikoa eskaini du Aranzadik, egoera azaldu asmotan. "Yoarrek urteak daramatza Arrosadia eta Azpilagañako gazteriaren alde lanean, eta haren lana dela eta irabazi du lehiaketa". Publiko egin dute, ildo berean, zinegotziak ez zuela parte hartu proiektuaren balorazioan, ez eta esleipenean ere.

Elkarte bati edo besteri mesede egiteko asmorik ez da egon, Aranzadiren irudiko, "akats larri bat" bai, ez besterik.

"Kolektiboki hartzen dugu gure gain Berrok egindakoaren ardura". Talde osoak erantzun du batek egindakoarengatik. "Jende normala gara, ez politikari profesionalak", gaineratu dute Aranzadiko kideek.

Alderdiak akatsak "pena handia" ematen diola onartu duen arren, zinegotziak egiten ari diren lan "positiboa" ezbaian jartzen ez duela defendatu du.

"Barkamen sakon, zintzo eta mingarrienak prekarioei eta mila eurotik behera kobratzen dutenei eskatu beharko dizkiegu, hiru urte barru udalaren politikek ez baldin badute aberastasuna banatzeko eta bizi baldintzak hobetzeko balio izan".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!