'Kantu eta hitza' musika zikloaren barruan, euskarazko zazpi kontzertu

Euskalerria Irratia 2016ko maiatzaren 16a

Argazkia: Iban Urizar, @sinouse / UnHui design.

Amorantek (Iban Urizar) irekiko du zikloa, ostegun honetan bertan eskainiko duen emanaldiarekin. Kontzertuak Erraldoien Txokoan izanen dira, ostegunean, 20:30ean.

Folka, jazz, bluesa, rocka... Askotarikoak dira Kantu eta hitza zikloan entzun ahalko diren doinuak. Ostegunero izanen dira, ostegun honetan bertan hasita, Erraldoien Txokoan, 20:30ean. Iruñeko Udala da antolatzailea, eta doan izanen dira ekitaldi guztiak.

Iban Urizarrek zabalduko du jaialdia, usadiozko herri musika eta esperimentazioa zein bat-batekotasuna uztartuz. Horra lehenengo zita.

Bigarrena: Mixel Etxekopar&Beñat eta Julen Axiari. Orhipetik lana aurkeztuko dute, hilaren 26an.

Ekainean sartuta, Maialen Errotabehereren txanda izanen da, Biluzik taularatuko du, Itxaro Bordaren eta Jean Luoisen testuak oinarri, bere esperientziaren inguruko espektakulua emanen du, hitza eta musika zutabe.

Joseba Irazoki eta lagunak ikusteko aukera ere egonen da. Ekainaren 9an joanen dira Erraldoien Txokora.

Eta jazzak ere izanen du tokirik, ekainaren 16an, hain justu. Iñaki Salvador musikaria igoko da oholtzara, Ainara Ortega jazz abeslariarekin batera, Kantaginjazz bataiatu dute espektakulua. Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Oskorri, Mikel Markez... euskal sortzaileen lanak berrinterpretatuko dituzte, jazzaren berezko ukituekin. 

Ekainaren 23an, Aukhera obra joko du euskarazko folk talde Kherauk. Nazioarteko folklorearen ezaugarriak eta euskal instrumentu tradizionalak uztartuko ditu boskote bizkaitarrak.

Jon Gurrutxagak itxiko du zikloa, ekainaren 30ean, bere buruari buruzko hausnarrak erdigunean dituen proiektu batekin. Tartean, gainera, blues eta rock doinuak presente egonen dira.

Hemen ikus dezakezu programazioa osorik, xehetasun guztiekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!