Hiru pertsonaia besterik ez dira agertuko oholtzan: Lorenzo eta Antonio ikasleak eta Elena irakaslea. “Liburu denda batean topatu genuen istorio hau kontatzen duen liburua, perla txiki bat da. Hiru pertsonaiek lehen pertsonan kontatzen dute gertaera bera, bakoitzak bere ahotik”, azaldu zuen Fernando Bernues antzezlaneko zuzendariak, aurkezpenean. Nobela taularatzeko, ordea, pertsonaien kontakizunak elkarren artean nahastu dituzte. “Hiru bakarrizketak tartekatzea izan da gure lana. Kontakizun tragikoa da, bukaera tragikoa duena”, gehitu zuen Mireia Gabilondo aktoreak. Ander Iruretagoiena eta Haritz Morras arituko dira aktore lanetan Gabilondorekin batera. Bi mutilentzako euren lehen lan profesionala da antzerkiaren generoan, eta oso pozik agertu ziren biak ere.
Institutu batean gertatuko da Muxua; Lorenzo, 15 urteko ikaslea, institutura iritsi eta Antonio ikaskidearekin maiteminduko da. Antoniok ez daki nola erantzun Lorenzori, eta Elena irakaslea guztiaren lekuko izango da. Hiru pertsonaia horiek elkarrekin nahastuz, maitasuna, gorrotoa eta indarkeria agerian utziko dituzte. Eta noski, musu bat egongo da guztiaren erdigunean. “Politena da ez dagoela ez onik eta ez txarrik, ez zuri eta ez beltzik. Bakoitzak nahikoa du bere min, ezintasun eta sentitzen duenarekin aurrera egiteko”, azaldu du Gabilondok.
Egilea: Iván Cotroneo
Zuzendaria: Fernando Bernués
Aktoreak: Ander Iruretagoiena, Mireia Gabilondo eta Haritz Morras.