Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak babestuta egin du aurrera Nafarroako Parlamentuak onartutako mozioa. Kontra bozkatu dute UPNk, PSNk eta PPNk.
Bigarren puntuan, PSNk ere bat egin du mozioarekin; horren arabera, legebiltzarrak "aintzat hartzen ditu Amnistia Internazionalak, Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak eta beste erakunde batzuek argitaratutako txostenak, eta baita Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Estatuaren aurka emandako ebazpenak ere".
Hirugarren atalean, Foru Legebiltzarrak “bere elkartasuna adierazten die torturak eta tratu txarrak jasan dituzten pertsona guztiei, eta Nafarroako Gobernua premiatzen du zenbait nafar herritarrek egindako tortura-salaketak iker ditzan eta torturen eta tratu txarren biktima izan direnen aintzatespena eta ordaina bultza ditzan, adiskidetzea zein egoera horiek ez errepikatzearen konpromisoa ahalbidetzeko asmoz”.
Nafarroako Parlamentuak adierazten du, azkenik, nahi duela “berme prozesal guztiak errespetatzea inkomunikazioak eta tratu txarrek akusazioak baldintzatu ahal izan dituzten prozesu judizialetan eta, bereziki, laster eginen diren epaiketei dagokienez”.
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeek bultzatutako erabakiaren zioen azalpenean beharrezkotzat jotzen da Nafarroako Parlamentuak behar diren konpromisoak hartzea torturak aitortzeko eta horrelakorik berriro ez gertatzea bermatzeko, “erakunde askok, hala Amnesty International-ek nola Tortura Saihesteko Europako Batzordeak (CEPT) berak, hainbatetan utzi baitute agerian Espainiako Estatuak ez daukala inolako asmorik jardun hori behin betiko desagerrarazteko, inpunitate eta inkomunikazio guneei eusten diela eta errealitate horren inguruko edozein salaketa oztopatzen duela”.
Zehazki, proposatzaileek azaltzen dute Strasbourgeko Giza Eskubideen Auzitegiak bi zigor-epai eman dituela “tortura-salaketak ez ikertzeagatik”, eta salaketa horiek bi nafarrek egin zituztela, Jon Patxi Arratibelek eta Oihan Ataunek. Bidezkotzat jotzen da nafar horiek babestea Auzitegi Nazionalak ere aitortu duen errealitate baten biktimak diren aldetik. Hain zuzen, auzitegi horretako “epaileek eurek ere baliogabetzat jo dituzte polizia-bulegoetan besteei zein norberari errua egozteko egin diren aitorpenak”.