Euskarazko haur eskolen eskaintza motz gelditzen dela erakutsi dute gurasoen artean egindako galdeketek. %37ak egin du euskarazko ereduen alde eta soilik %27koa da eskaintza. Hortaz, Euskalgintzak emaitzak onak direla nabarmendu arren eta aurten Iruñeko Udalak euskarazko haur eskolak zabaltzeko egindako ahalegina aintzat hartzeaz gain, uste du, aurrera pausoak oraindik asko direla emateko.
Gogorarazi du urteotan UPNk bazterrean utzi duela euskara eta izkutuan gorde nahi izan duela errealitate bat: Iruñeko gurasoek euskarazko eskoletara eraman nahi zituztela euren seme-alabak.
Euskalgintzak lanean segituko du euskalduntzea ahalbidetzen eta sustatzen. Aurre matrikulazio kanpainan erabilitako kanpainarekin, #euskaracercahurbil, segitzeko asmoa dute. Oraingo honetan, bideo berri bat jarri dute ikusgai eta herritarrei eskaera bat ere bai: Euskalgintzak egiten duen lana ekonomikoki laguntzeko eskaera zehazki. Horretarako, laboral kutxan kontu korrontea zabaldu dute (3035 0058 35 0580094044) eta euskaltegietan diru-kutxak jarri dituzte, Karrikiri dendan eta baita zenbait sindikatutan ere.
Kanpainaren bideo berria euskalerriairratia.eus atari digitalean duzue ikusgai.