Hamabost kexa, abisu edota aholku jasotzen ditu Iruñeko udalak, batez beste, egunean. Hori ondorioztatu daiteke urtarriletik martxora arteko datuei so: 1.386 ohartarazpen iritsi zaizkio. Horietatik, hiru laurden 010 telefono zenbakira egindako deiak izan dira; gainontzeko laurdena, webgunekoak.
Gaiei dagokienez, parkeak, zuhaitzak eta lorategiak dira dei edota mezu gehien eragiten dituzten gaiak (210); 124 jasotzen dira, aldiz, garbiketa dela eta; 98, espaloia medio; 65, hiriko higiezinekin lotuta; 57, argiztapena dela eta; 51, udal eraikinengatik; 49, margoketengatik; eta 49, segurtasunari lotuak.
Auzoei dagokienez, Alde Zaharretik iristen dira ohar, kexa eta aholku gehienak (154); ondoren daude Arrotxapea (133) eta Txantrea (111). Donibanerentzat da laugarren postua (103) eta Iturrama dago gero (96).