Gastronomia topaketa transozeanikoak, ostegunetik aurrera Iruñean

Euskalerria Irratia 2016ko apirilaren 18a

Ostegunean frijitu lehiaketa eginen dute Kafe Zentralen, 19:00etan. Sarrera doan.

Iruñeak, Baionak eta Hondarribiak hartuko dute parte topaketan, Creacity proiektuak lotuta. Turismoa eta merkataritza sustatzea dute xede. Hitzordu eta ekitaldi anitzak daude hiru hirietan.

Egitaua, egunez egun

Iruña kultura da webgunean eman dituzte xehetasunak, egunez egun. Frijitu lehiaketa batekin hasiko da Iruñean I. Gastronomia topaketa transozeanikoa. Apirilaren 21ean izanen da, ostegunarekin, 19:00etatik aurrera, Zentral Kafen, sarrera doan delarik. Bi kategoria izanen ditu lehiaketak. Ikasleen kategorian parte hartuko dute Alexandra Alves Florianópoliesko sukaldaritza-ikasleak, Popayángo María del Mar Orozco eta Mercedes Quiñones ikasleek –bi-biak jaio ziren hiriko pintxo lehiaketako irabazleak 2014ean eta 2015ean– eta Burlatako Lanbide Heziketako ostalaritza Saileko Ikastegi Bateratuko ikasle batek, nahiz oraindik ez den erabaki nork.

Ikasleen ondotik, profesionalen mailaren txanda izanen da, non bost sukaldarik parte hartuko duten: Joao Lombardo eta Sergio Andrés brasildarrak, Baionako Alain Darroze sukaldariburua, Hondarribiko Gorka Irisarri sukaldariburua eta Iruñeko Iñaki Andradas sukaldari gaztea. Sukaldari bakoitzak frijitu bana egingo du: erabilitako osagaiak azalduko ditu, eta epaimahaiaren aurrean prestatuko. Epaimahaiak emango du epaia, behin 9 frijituak dastatu ostean. Lehen egunari amaiera emateko, 2016ko Pintxoaren Astea irabazten duen sukaldaria izango da, zeinaren izena bezperan jakinaraziko den. Irabazleak lehen postua irabazi duen pintxoa nola osatu duen azalduko du.

Apirilaren 22an, ostiralarekin, Brasil eta Kolonbiako bost sukaldari gonbidatuek Burlatako Ostalaritza Eskola bisitatuko dute, eta esperientziak trukatuko dituzte bertako irakasle eta ikasleekin. Eta apirilaren 23an, larunbatarekin, bost sukaldariek Alde Zaharreko bost taberna bisitatuko dituzte, eta horietan lehiaketara aurkeztu dituzten frijituak prestatuko dituzte, iruñearrek bermutaren orduan sormen-lan berriez gozatu ahal dezaten. Taberna hauek hartuko dute parte: Gaucho, La Cocina de Alex Múgica, Café Iruña, Patio de las Comedias eta Baserri berria.

Informazio gehiago Iruña kultura da webgunean aurki daiteke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!