Iruñea-Baiona Jumelage elkarte berria abian

Bi hirien arteko senidetze elkarte herritar honek 1960an sortu zenaren lekukoa hartu du. Kondestablearen Jauregian eginiko aurkezpenean Maider Beloki Kultura Zinegotziak Iruñeko Udalaren sostengua adierazi dio elkarteari.

Mugaz bi aldeetako hogei bat lagun dira gaur egun Iruñea-Baiona Jumelage Elkarteak dituen bazkideak, baina laster kide berriak izatea espero dute. Hori eman dute aditzera gaur goizean Kondestablearen Jauregian egindako jendaurreko aurkezpenean. Kultura, euskara, historia, kirola, gastronomia, turismoa eta garapen ekonomikoaren alorretan bi hirien artean dauden loturak estutzea da haien helburua. 

1960an Miguel Javier Urmeneta Iruñeko alkateak eta Henri Grenet Baionako auzapezak abiaraziko senidetze akordioari jarraipena eman nahi dio elkarte honek. Hainbat urtetan Iruñeko zenbait erakunde eta auzotako elkarteak, Donibane eta Txantreakoak, besteak beste, harremanetan izan ziren Baionako hainbat kultur eragilerekin. Iparla elkarteko kideak nabarmen aritu izan dira urte hauetan guztietan Baionarekiko harremanak lantzen. Asko izan ziren elkartearen ibilbidearen hasierako urteetan aurrera ateratako ekimen desberdinak. Azken urte hauetan, aldiz, erakundeen axolagabekeria eta dirulaguntzen falta traba handiak izan ziren haien proiektuekin jarraitzeko, gaurko saioan azaldu duten bezala. Orain, aldiz, bai Iruñeko bai Baionako erakunde ofizialen babesa dutela ikusita, berriz lanean hastea erabaki dutela esan dute elkartearen eragileek.

Hilabetero ekimen desberdinak antolatuko dituztela iragarri dute. Lehena hilaren 22an Kondestablearen arteoan Pedro Esarte historialariak eskainiko duen hitzaldia izanen da.

Gaurko aurkezpenean Iruñea-Baiona jumelage elkarteko hainbat kide izan dira: Xabier Martinez Alava lehendakaria, Maitena Urmeneta idazkaria, Carlos Ilintxeta eta Iker Labiano, besteak beste.