"Bestelako Europa baten etorkizuna tokiko instituzioetan dago, eta, horretarako, instituzio horiek babes sozial zabala behar dute, eta aldaketa gidatuko duten herri mugimendu indartsu eta aktiboak". Egungo eskemei jarraitzen ez dien Europa izan du gogoan alkateak.
Halaber, sistema publikoaren "hondatzea" salatu du: "AEBetan eta Europan esparru publikotik pribatura ondasunak transferitzen ari dira. Historiako lapurretarik handiena da".
"Eskumen gehiago". Tokiko instituzioak erabaki ahalmen handiagoarekin ikusi nahi ditu, "Europako eta Espainiako estatuaren birzentralizazioaren" aurrean. "Herritarrak lehenetsiko dituzten politikak" galdegin ditu, bide beretik, "austeritatearen politikekiko" kontrajarriak.
Iruñeko Udalak austeritatearen kontra hartutako neurriak aitatu ditu, Bruselan bertan: pobreziaren kontrako foroa, etxebizitzak zaharberritzeko programa, Iruñea desjabetzerik gabeko hiria izendatu izana, gastu publikoa %11 handitu izana eta udalarekin lan egiten duten enpresek ikuspegi soziala izatea, besteak beste.