El Drogasek kontzertu berezia emanen du Ciudadelan uztailaren 2an

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 11a, 09:10

Iruñeko Udalarekin elkarlanean Txantreako artistak hiru urteko kontzertu-birari akabera emanen dio kanturik arrakastatsuenak eskainiz. Artista gonbidatuek ere parte hartuko dute, tartean, Fito Cabrales eta M Clan-eko Carlos Tarquek.

Ciudadelan emanen du kontzertua Enrique Villarreal El Drogas musikariak. Uztailaren 2an izanen da hitzordua eta berarekin batera eskenatokian artista eta formatu desberdinetako ikuskizuna izanen dira nagusi. Iruñeko Udalarekin elkarlanean antolatutako kontzertua izanen da. Txantreako musikariak urteotan izandako kantu arrakastatsuenak entzungai izanen dira.

‘Demasiado tonto en la corteza’ izeneko azken lanaren kontzertu-biran hiru urte izan da El Drogas. Han eta hemen aurkeztu du bere azken lana eta Iruñean, Ciudadelan emanen dio akabera kontzertu berezi baten bueltan. Lagun ugari izanen ditu musikariak alboan: Fito Cabrales (Fito y Los Fitipaldis) eta Carlos Tarque (M Clan) besteak beste. Barricadako, Txarrenako, 'La venganza de la abuela'ko eta bakarlari gisa aritutako garaietako kantuak eskainiko ditu.

Akustikoan eginen die harrera El Drogasek kontzertua ikustera joanen direnei. Zenbait kantu, bakardadean eskainiko ditu. ‘El Drogas y la banda de la (des)Memoria’ izenburuarekin, Memoria Historikoari eginen dio keinu beste zenbait kantu eskainiz. Armen aretoan prestatutako eskenatokian eginen du ikuskizunaren lehen parte hori.

Eskenatoki nagusian urteotan arrakastatsuenak izan diren kantuak izanen dira nagusi ‘El Drogas Rhythm and Blues Band’ izenarekin. Bertan ariko dira El Drogasekin batera Brigi Duke (bateria), Eugenio Aristu (bajua, ahotsa eta koroak), Txus Mariví (gitarra elektrikoa eta koroak), Selva Baron (koroak, perkusioa eta biolina), Patricia Greham (koroak eta perkusioa), German San Martin (teklatuan) eta Enrique Villarreal bera (ahotsa, gitarra akustikoa eta elektrikoa, armonika). Eskenatoki nagusiko ikuskizuna grabatu eginen dute gero CD-DVD bat kaleratzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!