Iruñeko udal-merkatuek bi haur-lantegi antolatu dituzte txikienek janari osasungarri eta gozoak prestatzen ikas dezaten. Lehen lantegia martxoaren 12an, larunbatarekin, eginen da Zabalguneko merkatuan, eta bigarrena, martxoaren 19an, larunbatarekin, Ermitagañako merkatuan. Bakoitzarendako izen-emateak 2 euro balio du eta 010 Herritarrendako Arreta Telefonoan egin daiteke (edo 948420100an, mugikorretik edo Iruñeaz kanpotik deituz gero). Kreditu-txartelaz ordaindu daiteke. 25 toki daude talde bakoitzean, eta izena eman ahala esleituko dira.
Lantegiak 9 eta 12 urte arteko haurrei zuzenduak dira, eta ordu eta erdiko iraupena dute. Hasteko, merkatuan barnako paseoa eginen da, parte-hartzaileek produktu freskoak ikusi eta gero jarduera egin ahal izateko oinarrizko nozioak eskura ditzaten. Jardueran, haurrek jakiak maneiatu ahalko dituzte, eta errezetak prestatzen lagundu; izan ere, asmoa da saioa parte hartzailea izatea eta platerak bertan prestatzea.
Bi errezeta prestatuko dira: "sasoiko barazkiekin tenpuratzen" (orburuak, piperrak eta sasoiko beste produktu batzuk prestatuko dira), eta "sagardo-txorizo hanburgesa patata-purearekin". Haurrek produktuak maneiatuko dituzte, eta batez ere, koipe "ez hain ona" nahasiko dute hura eliminatzen laguntzen duten elementuekin, sagarra eta tipulina, kasurako. Lantegia Juan Carlos Fernández sukaldari eta nutrizionistak emanen du.
Jarduera hau Iruñeko Udalak Zabalguneko eta Ermitagañako udal-merkatuekin duen elkarlanaren baitan kokatzen da. Elkarlan horren helburua da merkatuetan saltzen diren kalitatezko produktu freskoak sustatzea, ohiko erosleen fideltasunari eustea eta bezero berriak erakartzea, jarduerak eta bestelako ekimenak eginda.