"Inposizioa" salatu dute gaztelaniazko haur eskoletako hainbat gurasok

Euskalerria Irratia 2016ko otsailaren 18a

Hedabideen arabera, Donibane eta Arrosadiako haur eskoletako "ehun bat lagun" bildu dira udal plazan, haur eskoletako eskaintza Iruñeko "errealitate soziolinguistikora" egokitu dezaten eskatzeko.

Ildo horretatik, euskarazko eskaintza handitu dadin babestu dute, beti ere, gaztelaniazko eta ingelesezko eskaintza murriztu gabe.

Arrotxapeako Hello Rochapea eskolak ere bat egin du elkarretaratzearekin, ingelesaren defentsan. Asiron, inposizioari ez, Arrotxapean ingelesa nahi dugu eta Hizkuntza ereduen inposizioari ez izan dira erabilitako leloetako batzuk.

Euskarazko eskaintza handitzea "beharrezkotzat" jo dute elkarretaratzera bertaratutakoek, baina "ezegokia" deritzote gaztelaniazkoa murrizteari. "Elkartasuna adierazi nahi diegu 0 eta 3 urte bitarteko haurrak euskaraz apuntatu nahi eta ezin izan duten horiei, baina euskarazko eskaintza handitzeko gaztelaniazkoak kentzea guztiz desegokia iruditzen zaigu", esan dute elkarretaratzean irakurritako idazkian. Erabakia ez da "ez etikoa ezta bidezkoa ere", haien hitzetan.

Era berean, auzoak "gaztelaniazko eskaintzarik gabe" geratzen direla ekarri dute gogora. Gaztelaniazko bi haur eskola "ixtea" kritikatu dute, "gaztelaniazko eskariak euskarazkoa hirukoizten duelako".

Egun, hamazazpi haur eskola daude; horietatik, bi baino ez dira euskaraz. Euskarazko bi haur eskola berriek zenbakiak pixka bat aldatuko dituzte: lauk eskainiko dute euskara.

Aranzadi, euskarazko haur eskolen alde

Aranzadiko kideak esku orriak banatzeko azaldu dira mobilizaziora, Iruñean seme-alabak euskaraz hezi nahi duen "edozeinek" horretarako eskubidea izan beharko lukeela aldarrikatzeko.

"Egungo euskarazko eskariak hirukoiztu egiten du udalaren eskaintza. Euskal hiztunek 30 urte daramatzate, 1986an Euskararen Foru Legea onartu zutenetik, hizkuntza eskubideak nola urratzen dizkieten ikusten", esan du Aranzadik.

Adierazi dutenez, haur eskoletan 1.578 plazatik %23 izanen dira euskaraz; lehen hezkuntzan, %30ekoa da eskaria.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!