Euskarazko bi haur eskola irekiko ditu Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 11a, 11:40

Argazkia: Haur eskolak lortzeko egindako protestetako bat.

> Printzearen Harresi (Arrosadian) eta Donibane (izen bereko auzoan) haur eskolak gazteleraz aritzetik euskaraz jardutera igaroko dira.
> Euskarazko plaza eskaintza %10ekoa izatetik %30ekoa izatera igaroko da.

Datorren ikasturtean Iruñeko Udalak bikoiztu eginen du euskarazko haur eskolen kopurua. Orain arte bi ziren. Aurrerantzean lau izanen dira.

Beraz, udal haur eskoletan 954 eskainiko dituzte gazteleraz eta 378 euskaraz. Hartara, euskarazko plazen eskaintza %10ekoa izatetik %30ekoa izatera igaroko da.

Hori horrela, euskarazko 26 hezitzaile plaza berri sortuko dituzte. Eta egun Donibaneko eta Arrosadiako haur eskoletan gazteleraz diharduen eta euskarazko aski ezagutzarik ez duten langileak birkolokatu eginen dituzte. Udalaren arabera, helburua haur eskola sarea “Iruñeko eremu bakoitzean dagoen hizkuntza eredu eskaera errealera egokitzea”.

Aldaketaren aldeko lau indarrek (Geroa Bai, EH Bildu, Aranzadi eta IE) adostu dute neurria. Eta atzo jakinarazi zieten bi haur eskoletako zuzendaritzei eta langileei.

Iruñeko gurasoek aspaldidanik eskatzen zuten haur eskola gehiago zabaltzeko euskaraz (adibidez, Alde Zaharrean). Eta Iruñeko Euskalgintzak iragan ikasturtean kanpaina egin zuen eskaera berarekin.

Aurrerantzean Iruñean orotara 17 haur eskola publiko izanen dira, 10 gazteleraz, 4 euskaraz eta 3 ingelesarekin. Lehendik martxan ziren euskarazko haur eskolak Txantrean eta Arrotxapean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!