Compañia kaleko Jesus eta Maria aterpetxe turistikoak 20.534 lagun hartu zituen 2015ean; horietatik 14.757 atzerritarrak ziren (% 72) eta 5.777 estatukoak (% 18). Horrek esan nahi du jaitsiera txikia izan dela 2014arekin alderatuta, orduan 20.890 turistek hartu baitzuten ostatu bertan. Udal ostatu hau bakarrik Donejakue Bideko erromesentzako da maiatzaren 1etik irailaren 30era. Garai horretan ezin da plazarik erreserbatu, eta erabilgarri daudenak erromesak iritsi ahala betetzen dira. Hilabete horietatik kanpo, badago aukera hiria bisitatzen ari diren eta Donejakue bidea egiten ari ez diren turistek ere erreserba egiteko.
Hilabetez hilabete aztertuta, hilabete guztietan izan ziren atzerritar gehiago estatukoak baino. Kopuruari dagokionez, abuztuan eman zuten aterpetxean gaua pertsonarik gehien: 3.302. 3.000tik gora izan ziren, baita ere, maiatzean (3.152) eta irailean (3.099). Ekainean 2.840 erromes izan ziren, eta apirilean 2.405 turista. Uztailean 1.865 erromes izan ziren; kontuan hartu behar da hilabete horretan aterpetxea itxita egoten dela sanferminetako 9 egunetan. Milatik gora lagun izan ziren, baita ere, urrian, 1.643 turistek erabili baitzituzten hilabete horretan instalazioak. 1.000tik behera, martxoan 964 lagun izan ziren, eta azaroan, 564. Bisitaririk gutxien izan ziren abenduan (194 bisitari), urtarrilean (221) eta otsailean (285).
Aterpetxea urteko egun guztietan egoten da irekita, salbu abenduaren 24tik urtarrilaren 15era eta uztailaren 5etik 15era, eta Enplegurako Aspace Fundazioak kudeatzen du.Harrera- eta funtzionamendu-ordutegia 12:00etatik 23:00etara bitartekoa da. 112 ohe ditu eta hainbat hornidura erromesen egonaldia erosoago egiteko: arropa-garbigailu eta -lehorgailuak, sukaldea eta jangela, Internet zerbitzua eta egongela.
Jesus eta Maria Donejakue Bideko aterpetxe turistikoa 2007an inauguratu zen, eta ordutik 150.000 lagunek baino gehiagok eman dute gaua bertan. Jesus eta Maria eliza zaharrean dago.