Bederatziak eta laurdenean iritsi da albiste pozgarria: "Etxe kaleratzea geldiaraztea lortu dugu", oihu egin du Hipotekek Kaltetutakoen Plataformako kideetako batek. Txalo artean jaso dute berria.
Patxi eta Idoia babesteko, herritan andana hurbildu da Txantreara goizeko zortzietan. Bederatzietarako aurreikusia zegoen euren etxe kaleratzea. Bizilagunak, senitartekoak, gizarte eragileetako ordezkariak eta baita ordezkari politiko ugari ere Txantreako Argedas kaleko hamargarrenean elkartu dira etxe kaleratzea ekiditeko asmoz. Eta lortu dute. Patxik eta Idoiak euren Txantreako etxean segitzeko aukera izanen dute, oraingoz behintzat.
Plataformako abokatuek eta BBVA bankuak akordioa lortu dute kaleratzea gaurkoz ez gauzatzeko. Angel Luis Fortun abokatuak azaldu du, bertan behera geratu dela etxe kaleratzea, baina ez du zehaztu aurrerantzean zertan geratuko den auzia. Espero du bankuarekin negoziazioetan hastea, ohartarazi duen arren, aurretik saiatu izan direla negoziatzen baina bankuak entzungor egin diola negoziazio eskari horri.
Patxirena da Txantreako etxebizitza. Aurretik San Lorenzo kalean bizi zen, beste etxebizitza batean. Duen minusbaliotasunagatik baina, Txantreakora jo behar izan zuen. BBVArekin du zorra. 20.000 euro guztira. Hilabetean behin ordaintzen ditu kuotak baina lanik egin ezin duenez, ezin dio aurre egin zorrari. Kuotak ezin ordaindu gelditu zenean, bankuari, zorra etxearen truke ematea proposatu zion Patxik. BBVAak aukera hori onartu zuen, baina bi etxeak nahi zituen zorraren truke; San Lorenzokoa eta Txantreakoa. Bidegabea dela uste dute.
Protestaren indarra
Goizeko zortzietan elkartu dira dozenaka lagun Txantreako etxebizitzako atarian, Hipotekak Kaltetutakoen Nafarroako Plataformak deituta, bederatzietarako espero baitzuten etxe kaleratzea.
Besteak beste, Iruñeko alkate Joseba Asiron, eta Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea izan dira. EH Bilduko, Aranzadiko eta Izquierda-Ezkerrako Iruñeko zinegotziak ere bertaratu dira eta baita Podmos-Ahal duguko diputatu Eduardo Santos ere.
Jende andana bertaratu da Argedas kaleko 10. zenbakira, BBVAk Patxi eta Idoia auzokideak bizitokitik ez kanporatzeko. Eta lortu dute helburua. Ez kanporatzeko akordioa lortu ostean, zorra birnegoziatuko dute orain.
Hipotekek Kalteturikoen Plataformak nabarmendu du onartezina dela etxe kaleratzeekin segitzea.
#PatxiEtaIdoiaEzDoaz(r)i buruzko Txioak