Metropoli Forala saioan izan dira gaur Bilduko kultur zinegotzi Maider Beloki, Ezkerrako Berdintasun eta Gizarte Ongizaterako zinegotzi Edurne Egino, Geroa Baiko ordezkari Antso Fernandez eta Arantzadiko ordezkari Aitor Balbas. Gaurkotasuna duten bi gai mahai gaineratu dituzte. Bat: Casa Sabicas. Bi: Iruñeko gaztetxea.
Casa Sabicasen harira, Belokik esan du administrazioaren bidetik espedientea ireki dietela jada, eta orain helegiteak aurkezteko aukera dutela. Nolanahi ere, nabarmendu du auzokoek "salaketa pila bat" jarri dituztela haien aurka.
Atzera begira jarri da Egino. "Aurreko legealdietatik dator gaia. UPN izan zen [akordioa] sinatu zuena". Haren ustetan, ez dira bete proiektuaren bi oinarriak: kultur ekintzak egitea eta aniztasuna sustatzea. Aitor Balbas Arantzadiko kideak "aniztasun kulturalaren ispilu" dela aipatu du, baina, nolanahi ere, baldintzak zeintzuk diren eta betetzen ari ote diren aztertu behar dela akordarazi du.
Gaztetxea: instituzioak eta herri mugimenduak
"Alde bakarreko ekimenek ez dute irtenbidea lortzen ahal. Hori kezkagarria da". Kritiko hitz egin du Geroa Baiko kide Antso Fernandezek gaztetxeari buruz. Akordio programatikoan bazegoen jasota gazteentzako lokalak eskuragarri jartzea, eta hori dela eta ontzat eman du lokal berriaren esleipena, dena den, ñabardurak ñabardura.
Aranzadiko kide Balbas ekimenaren alde azaldu da, berriz, beti ete prozesu "luzea eta korapilatsua" izan dela ohartarazita.
Egino irmo mintzatu da. Casa Sabicas eta gaztetxearen artean "paralelismoa" dago, haren irudikio. Udalean "hainbat eta hainbat eskakizun" daudela jakinarazi ostean, eskaera guztiei "gardentasuna" exijitu behar zaiela aldarrikatu du. "Gazteei azaldu diegu pedagogikoki, egin den prozesuarekin, gaur egun ez dela okupatu behar", ziurtatu du.
Maider Beloki kultura zinegotzia telefonoz parte hartu du programan, eta gaztetxearen gaia landu aurretik eskegi behar izan du.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!