TRW Automocion España izeneko enpresak iragarri du Iruñeko lantegian kaleratzeak egiteko prozedura martxan jarriko duela. 620 langile ari dira TRWn eta heldu den urtarrilaren 19rako iragarri ditu kaleratzeak, nahiz eta ez duen zehaztu zenbat langile botako dituen.
Enpresa horretako Europako presidente ordeak adierazi du ohar baten bidez, nahiz eta 2013an hitzarmen kolektiboa sinatu, Iruñeko lantegiak galerak izaten segitzen duela. “Salmentek ere behera egin dute”, azaldu du.
Hortaz, iragarri du, “produkzioan datozen egunetan amaitzen diren kontratuak ez dira berrituko eta bestelako berehalako neurriak ere hartu beharrean gaude”. Automozioan “lehiakor” izateko neurriak izanen direla azpimarratu du.
Enpresako ordezkariak ohar horretan jaso duen bestea da, prest daudela langileekin eta komitearekin biltzeko. Egoerari ahalik eta irtenbiderik onena ematen saiatzeko borondatea badutela ere azaldu du. Asteartean bilduko dira enpresako kide eta enpresa komiteko ordezkariak.