Baltasar beltza izatea eskatu diote udal talde gehienek Errege Magoen Elkarteari

Euskalerria Irratia 2015ko abe. 11a, 09:40

Argazkia: Beltzaz margotutako Baltasar, desfilean.

UPN izan da kontra azaldu den bakarra, "azaleko gaia" dela argudiatuta. Elkarteak dauka azken hitza, eta asanbladan hartuko du erabakia hilaren 29an.

Beltzez margotutako gizon zuria ikusi izan dute orain arte Iruñeko Errege Magoen desfilera joan izan diren umeek. Errege Magoen Elkarteko presidente Fernando Lizaur da, hain zuzen ere, Baltasar gorpuztu izan duena. Eta hari dagokio pertsonaiaren lekukoa pasatzea, bai eta elkartearen asanbladari ere. Orain arte ez dute egin, ordea.

Atzo, Baltasarren papera pertsona beltz batek hartzearen alde egin zuten Iruñeko Udaleko talde guztiek, UPN kenduta.

"XXI. mendean normaltasunaren adierazgarri litzateke pertsona beltz batek egitea", adierazi du Mikel Armendariz Geroa Baiko kideak. Eta hari berari tira egin dio PSNko kide Maite Esporrinek: "Iruditzen zaigu gure hirian badirela beltzak, eta ez da beharrezkoa Baltasar beltzez margotuta egotea".

Gauzak horrela, Errege Magoen Elkarteak dauka azken hitza, eta hilaren 29ko asanbladan erabakiko du.

Diru publikoz finantzatuta

50.000 euro jasotzen ditu desfileak, eta horregatik aniztasuna kontuan eduki beharko lukeela uste dute makina bat herritarrek; horren adierazle da Change.org plataforma digitalean Baltasar beltzaren aldeko 5.700 sinaduta bildu izana.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!