"Nafarroako Aratxea" Adierazpen Geografiko Babestuak azaroaren amaiera arte haragi horren kontsumoa sustatzeko kanpaina eginen du; kanpaina horren barnean sartzen dira, beste ekintza batzuen artean, Elgorriagako hotel-bainuetxean asteburu bat igarotzeko aukera zozkatzea haragi horren erosleen artean, eta bihar Iruña eta Tafallan eginen den "juevintxon" hanburgesa txikiak dastatzea.
"Hiru gauza daude bizitzan: osasuna, haragia eta maitasuna" lelopean, bihar, hilak 19, bi hirietako 25 tabernek aratxe-pintxo bat edo hanburgesa txiki bat hautatzeko aukera izanen da (4.500 unitate banatuko dira, guztira), eta bi pertsonentzat 30 asteburu zozkatuko dira Elgorriagako hotel-bainuetxean igarotzeko (haren barnean, spa zirkuitua eta Nafarroako Aratxea plater nagusia izango duen afari bat). Zozketan parte hartzeko, Foru Komunitateko harategi guztiek kutxatila bat dute, eta produktu hori eskuratzen duten bezeroek bertan sar ditzakete beren erosketa-txartela. Gainera, 4.500 hanburgesa txiki irabazi-asmorik gabeko bi erakunderi dohaintzan emanen zaie: Paris 365 jantokiari eta Pobreen Ahizpei. Kanpaina Nafarroako Aratxearen webgune berri batekin osatuko da; bertan, erositako produktua egiaztatzeko aukera eskaintzen da, belarritakoaren zenbakia sartuz, eta partaidetzarako irekitako Facebook orrialde bat ere zabaldu da.
Kanpaina gaur goizean aurkeztu da, eta bertan izan dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizalde; Landa Garapen, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusi Ignacio Gil eta kontseilu arautzaileko lehendakari Miguel Ocariz.
Elizaldek azpimarratu duenez, kanpaina honen helburua "kalitate goreneko produktu hau oso lehiakorra den merkatu batean bereiztea da", behi-haragiaren sektorea antolatzen eta egituratzen laguntzeaz gain; Nafarroan, sektore hori "elikagaien osasun eta segurtasun arloko estandar altuengatik, ingurumenarekiko errespetuagatik eta animaliaren ongizatearen baldintzengatik bereizarazten da". Kontseilariak esan du, gainera, ekoizpen-eredu honek kontsumitzaileari "elikagai osasungarri bat prezio merke antzean" bermatzen diola; alde horretatik, OMEak egindako txostena eta hedabideetan izandako oihartzuna "alarmista" dela dio. "Osasun, elikadura, zuhurtzi, zehaztasun eta erantzukizunari lotutako gaietan kontu handiagoa izan beharko zen sektorean berreskura ezinak diren ondorioak sor baititzake·, nabarmendu du.
Bestalde, Ocarizek esan duenez, "Nafarroako Aratxeak" (2014an 20. urteurrena bete zuen), "ongizate fisikoan eta garapen pertsonalena eragina izango duen elikadura orekatua sustatzearen eta zabaltzearen alde" egin du beti. Alde horretatik, azpimarratu du azken urteotan eskolako sei kanpaina egin direla haurrek "gurea den produktu bat ezagutu dezaten, Nafarroako abeltzainek egindako haragia, gure mendietan bazkan aritzen diren behien haragia". Ocarizek adierazi du ere, OMEak haragi gorriaren kontsumoaren gainean iragarpen hori egin arren, salmentek ez dutela behera egin; arrazoi horrengatik, kontsumitzaile guztiei eskerrak eman dizkie "gure haragian erakutsitako konfiantzagatik, eta dieta orekatu eta natural baten barnean egoteagatik bereizarazi den produktu batean sinesteagatik".
Nafarroako Aratxeak 1,8 milioi kilo ekoizten ditu urtean
"Nafarroako Aratxea" Adierazpen Geografiko Babestua "Reyno Gourmetek" babestutako kalitatezko izendapenetako bat da, Nafarroako Gobernuak 2007an xede horrekin sortutako marka. Haragi horren 1.800.000 kilo merkaturatzen dira urtean, honako hauek egindako lanari esker: 575 abeltzaintza-ustiapen, 5 hiltegi, zatitzeko 4 gela eta baimendutako 200 bat harategi.
Nafarroako Aratxearen haragia (proteina eta mineral asko ditu) koipe-maila txikia duelako bereizarazten da bereziki (koipe-geruza oso mehea da, eta ia kanal guztian animaliaren muskulatura ikus daiteke), eta baita haragiaren koloreagatik ere: arrosa, gorri argia eta gorri artekoa da.
Adierazpen Geografiko Babestu horrek Pirinioetako, Blonde, Parda Alpina, Charolais eta haien gurutzatzeak babesten eta zaintzen ditu. Txahal guztiak jaiotzen direnean identifikatu egiten dira indarrean dagoen legeriak baimendutako bi belarritakorekin. Hala, aldizkako jarraipen eta kontroleko prozesu bat hasten da, ustiapenetik animalia hiltzen den arte eta, jarraian, salmenta-puntura heltzen den arte.