Iruñeko Udalak 197,7 milioi euroko aurrekontua aurreikusi du 2016rako, azken lau urteetako aurrekontu luzatuak baino % 10 gehiago

Euskalerria Irratia 2015eko azaroaren 9a

Gizarte izaerako partidek eta inbertsioek izanen dute lehentasuna. Horietarako 14 milioi eurotik gora bideratuko dira.

 

Iruñeko Udalak heldu den urterako aurreikusten duen gastu-sabaia 197,7 milioi eurokoa da, azken lau urtean luzatutako aurrekontuen aldean % 10,67 gehiago. 2011z geroztik lehen aldiz, Iruñeko Udalaren aurrekontuak ez dira izanen aurrekontu luzatuak.

 

Aurrekontu berrietan gizarte izaerako partidak gehitu dira, inbertsioak egite aldera ikastetxeetan, gizarte-etxebizitzetan eta eremu zaurgarrietan, bai eta, besteak beste, gizarte-langileen lanpostu-kopurua handitzeko ere. Halaber, proiektu berriak sustatuko dira: Autobus-geltoki zaharreko proiektua; auzo-lokalak eta partaidetza-zentroak; Donejakue Bideari buruzko interpretazio-zentro irisgarria eta hiri-baratzeak. Kulturari dagokionez, badira, bestalde, beste hainbat proiektu berri, Ziudadela arte-sormenaren erreferentzia bihurtzeko eta euskararen presentzia areagotzeko hala hirian nola udal-komunikazioetan. Aipagarriak dira, baita ere, Joaquín Maya musika-eskolarako, liburutegietarako, kirol-instalazioetarako, bidegorrirako eta berdeguneak hobetzeko zehaztutako partidak.

Aurrekontu hauek helburu dituzte gizarte-gastuaren aldeko bultzada berreskuratzea erabateko lehentasun gisara, hiri-eredu berri bat bultzatzea, lehentasuna pertsonen beharrei emateko -espekulazio-operazioei eman beharrean- eta herritarrek parte hartzeko prozesuak sustatzea -hala gastu-lehentasunak finkatzeko orduan nola instalazio eta lokal publikoen kogestio-ereduak indartzerakoan-. Aurrekontuak aurkezteko prentsaurrekoan, Joseba Asiron Iruñeko Alkatearekin batera udal-gobernuari sostengua ematen dioten lau alderdi politikoen ordezkariak aritu dira, zehazki, Patricia Perales Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzi ordezkaria, Ana Lizoáin Partaidetzako, Berdintasuneko eta Gizartea Ahalduntzeko Alorreko zinegotzi ordezkaria, Edurne Egino Gizarte Ekintzako eta Komunitate Garapeneko zinegotzi ordezkaria eta Itziar Gómez Geroa Baiko zinegotzia.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!