Sanferminak 2015

Harrigarriki, adarkadarik ez

Euskalerria Irratia 2015ko uzt. 9a, 09:31

Victoriano del Rio ganadutegiko zezenetako batek Mercaderesen buelta eman duen unea. Argazkia: EITB

Arrisku handia eragin dute Victoriano del Rio ganadutegiko zezenek hirugarren entzierroan. Halere, ez da adarkaturik izan. Bost lagun ospitaleratu behar izan dituzte, kolpeen ondorioz. 2 minutu eta 27  segundoan egin dute bidea.

Oso arriskutsua baina guztiz garbia. Halakoa izan da Victoriano del Rio ganadutegiko zezenen entzierroa, San Ferminen kapotikoaren mirarien topikoa dantzan jartzeko ezin aproposagoa.

Lau zezen beltz ziren eta bi gaztaina kolorekoak. Denak 500 kilotik gorakoak, eta adar ederretakoak. Ukuiluetatik atera bezain pronto, zezen beltzetako batek hartu du adardun saldoaren burua, aldaparen ezkerraldetik. Hainbat imintzio egin ditu, baina ez du korrikalaririk harrapatu.

Udaletxe plazara heltzear, eskuin aldetik, beste zezen batek elastiko laranjatik heldu du korrikalari bat adarrarekin, baina ez dio zauririk eragin.

Zezen horrek tropelari berak aurrea hartu dio eta oso aurreraturik iritsi da Mercaderes aldera. Han, ezohiko imintzioa egin du ezkerraldera, buelta ere eman du, betiere korrikalaririk harrapatu gabe. Zerbait larria gerta zitekeela zirudielarik, atzetik bere anaiak eta joaldunak iritsi dira, eta denek batera egin dute aurrera, Estafeta karrikaren hasierako bihurgunerantz.

Estafetan zezenetako batek aurrera egin du, eta tarte handi samarra atera die gainontzeko adardunei. Haren aitzinean lasterraldi eder bezain laburrak ikusi ditugu, abiada horri luze eutsiko dion hankabikorik ez baita.

Bere atzetik baina lau hankadun saldoaren aurrealdean zezen bat kokatu da, eta karrikaren eskuinetik ari ziren korrikalariak harrapatzeko imintzioak egin ditu. Haietako hainbat adarrarekin kolpatu ditu, baina ez puntarekin. Eta ez da adarkadarik izan.

Zezen plazako sarreran erorikoak izan dira. Dozena erdi korrikalari lurrera joan dira, gaztaina koloreko zezenetako batekin batera, baina hor ere adarkadarik ez. Plazan, kapadunek ederki egin dute haien lana eta azkar biderat dituzte adardunak ukuiluetara.

Entzierroaren iraupena 2 minutu eta 27 segundokoa izan da. Azkarrak izaten ari dira aurtengoak; izan ere, lehena 2 minutu eta 23 segundokoa izan zen; eta bigarrena, 2 eta 14koa. Inoizko markarik azkarrena Victorino del Rio ganadutegiko zezenek egin zuten, 2013an 2’11’’n egin baitzuten bidea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!