2015eko lehen Sanfermintza saioa izan da. Patricia Perales alkateordea izan da gonbidatuen artean. Ikurriña Txupinazoan egon izanaz eta prozesioaz mintzatu da Perales. Ikurriña legez jarri zuten balkoian, hala berretsi du Peralesek: "Euskal Autonomia Erkidegoko hiru parlamentari izan ziren ofizialki gonbidatuak Txupinazora eta euren omenez atera zen ikurriña". Horrez gain, EH Bilduk gainerako alderdiekin ikurriña jartzea adostu zuela esan du alkateordeak eta iruindar askoren ikur dela ere uste du.
Prozesioan ez du parte hartu alkateordeak. Sortu alderdian eztabaida izan ondoren, alderdikide askok erabaki zuten hiriaren laikotasuna zaintzearren ez zutela ekitaldi erlijiosoetan parte hartuko. EH Bilduko zinegotzi Maider Belokik ere ez du parte hartu.
Gonbidatuz josia lehen Sanfermintza
Erraldoien konpartsarekin bat egin du Sanfermintza saioak kale Nagusian zirela. IKA euskaltegiko Xabi Martinez de Lezeak Zaldiko Maldiko tabernan antolatu dutenaren berri eman du. Ganadu feriaz eta herri kirolaz aritu dira Martin Juanena eta Mikel Lasarte, baita pilota txapelketaz ere.
La Unica peñak antolatzen duen Goiz gorri, arrats gori ekimenaren berri Ander Larunberen eskutik izan da. Aipatu du, punta puntako bertsolariak ariko direla Jarauta kalean: Maialen Lujanbio, Julio Soto eta Jon Maia. Beste ekimen askoren berri ere eman du larunbek. Musika ez da faltako, esaterako. Eguerditik eta gaua arte ekitaldi ugari izanen direla Jarautan.
Zuzeneko musika Ismael Yague txistulariak jarri dio Sanfermintza saioari. Roldan Jimenok San Fermin santua ez zela existitu kontatu du eta azkenik, Hedoi Etxartek Katakrak liburu denda eta jatetxean dagoenaren berri eman du.