Sanferminak 2015

Zozketa batek eman dio aukera Orfeoiko Javier Aranegiri txupinazoa botatzeko

Euskalerria Irratia 2015ko uzt. 2a, 09:16

Javier Aranegi Huartek jaurtiko du Iruñeko Orfeoiko kide gisa aurtengo txupinazoa. Argazkia: @NavforalCivica

"Bizitzak eman didan oparia da", adierazi du Aranegik albistea jasotakoan. La Unica peñako kidea da eta bere burua oso sanferminzaletzat du.

Iruñeko Orfeoiko kantarien artean zozketa eginda Javier Aranegiri egokitu zaio sanferminetako txupinazoa botatzea: "Bizitzak eman didan oparia da", adierazi du. 27 urte ditu Aranegik eta "oso sanferminzalea" da. "Oso jende gutxik egin dezakeen zerbait da, munduko festarik ospetsuenetan txupinazoa jaurtitzea; aukera paregabea da", esan du.

2009tik Iruñeko Orfeoiko abeslaria da. Bera da Orfeoiko bere familiako laugarren belaunaldia: "Ohorea da Iruñeko Orfeoiaren eledun izatea eta baita nire familiarena ere". Aurten hain zuzen 150 urte bete ditu Orfeoiak. Veleta peñako kide batekin jaurtiko du Aranegik aurtengo sanferminetako suziria.

"Telefonoz deitu ninduten albistea emateko eta emozioa eta urduritasuna izan ziren nagusi nire baitan", azaldu du Aranegik. 16 urte zituenetik uztailaren 6 guztietan Udaletxe plaza aukeratzen du jaiei hasiera emateko eta aurten ere bertan izanen da, nahiz balkoitik izan.

1988ko ekainaren 4an jaio zen Javier Aranegi Huarte. Portugalen bizitakoa da 8 urte zituenetik 18 urte bete zituen arte. Solfeoa eta Hizkuntza musikala ikasi zituen han eta fagot-a hiru urtez ikasten izan zen. Iruñera bueltan, Soziologia ikasketak egin zituen NUPen.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!