Iruñeko eta Iruñerriko 17 hotel nagusietako jabeak kontent daude sanferminetarako egin daitezkeen aurreikuspenekin. Dagoeneko gelen %70 beteak dituzte eta azken orduan jende gehiagok erreserba egitea espero dute. Bederatzi egun eta zortzi gauetako jaiak kanpotar ugarirentzat erakargarri dira. Gehienek sanferminetako lehen egunetarako erreserbatu dituzte logelak, 6rako eta 7rako batik bat. Logela gehiago dago hutsik 13rako eta 14rako. Nafarroako Ostalaritzako Enpresarien Elkarteak nabarmendu du, aurreko urteetako zenbakiak darabiltzatela okupazioari dagokionez, baina, hamabost egun falta dira oraindik eta azken egunetako erreserbekin okupazioak gora egitea espero dute.
Ciudad de Pamplona hotela ia betea dago sanferminetako lehen egunetan. Mikel Lizarraga harreragileak jakinarazi du, uztailaren12tik aurrera jaitsi egiten dela okupazioa hotelean. Maisonnave hotelean ere pozik daude. Esther Sanz zuzendariak nabarmendu du, okupazioa %95ekoa dela euren hotelean. Iruña Park hotelean berriz, %90ean beterik daude logelak eta Tres Reyes hotelean %83an.
Munduko txoko guztietatik iristen dira turistak Iruñera. Estatu Batuetatik, Frantziatik eta Japoniatik iristen dira gehienak. Espainiatik ere jende asko hurbiltzen da jai girora.