Sanferminak 2015

Gora Iruñea plataformak 300 ekitaldi baino gehiago prestatu ditu sanferminetarako

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 28a, 19:39

Gora Iruñea plataformako kideak, aurtengo egitarauaren aurkezpenean. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS), Ahotsa.info

Runa parkean Jai Gunea muntatzeko baimena eskatu du eta webgune bat abian jarri du herritarren laguntza eskatzeko.

Egitarau oparoa prestatu du Gora Iruñea plataformak aurtengo Sanferminetarako. Aurten ere Runa parkean Jai Gunea muntatzeko asmoa du eta horretarako baimena esaktu zion Iruñeko Udalari maiatzaren 12an. Gora Iruñeko kideek azaldu dutenez, erantzunaren zain daude, Udalak espazio hori lehiaketara atera baitzuen. Plataforma ez zen aurkeztu lehiaketa horretara, ez baitu uste «hori bidea denik jaiak antolatzeko» eta Iruñeak «benetako Sanferminetako mahaia» behar duela aldarrikatu du. Aurten ezinezkoa bada ere, datorren urtean Sanferminen antolaketa «guztion arteko elkarlanaren bidez» egingo dela ziur daudela adierazi dute. Zentzu horretan, 2016an ez dutela Jai gunerik nahi esan dute: "2016an hiri osoa Jai Gune herritarra izanen da, herritarrok Iruñeko Udal berriarekin batera gure hiriko jai garrantzitsuenak prestatuko ditugulako”.

Egitaraua

Aurtengo egitarauari dagokionez, «anitza eta oparoa» dela aurreratu du. Alde batetik Jai Gunean bertan antolatu dituzten ekintzak daude, eta bestetik kaleko egitaraua.

Runan Txiki Gune bat antolatuko da, egunero 12:00etatik 20:00etara irekita egonen dena. Egunero ekimen kulturalak antolatuko dira eta bertan Ene Kantak, Porrotx eta Irrien lagunak arituko dira, besteak beste. Uztailaren 8an Txiki Eguna ospatuko da, egun osoan zehar txikiei zuzendutako egitarauarekin.

Jai Gunean ere euskal kulturaz gozatzeko aukera izanen da. Aurten Jon Maia,  Uxue Alberdi edota Aimar Karrika bertsolariekin abesteko aukera izanen baitira. Hutsun taldeak ere txalaparta ikuskizuna eskainiko du, eta honetaz guztiaz aparte beste hamaika ekimen ere izanen dira. Kultura aniztasuna eta jatorri desberdineko ohiturak ikasi eta jaki desberdinak dastatzeko  aukera ere izanen da,  Pais Valenciá-tik etorriko den talde batek paella jate herrikoi bat eskainiko dute eta bastoners, dulzainas, pelotaris eta demonis ikuskizunak ere ekarriko dituzte Iruñeko festetara.

Sukalde zerbitzu ekologikoa eskainiko dute aurten ere. Lakabeko kideak izanen dira horren arduradunak.

Musika eskaintzari dagokionez Gatillazo, Zea Mays, Ze esatek, Yo no las conozco, S. Curro y Papa Wilson eta Dj Sohai-ren kontzertuak iragarri dituzte.

Hori guztia posible egiteko eta aurrera ateratzeko herritarren laguntza beharrezkoa dela nabarmendu dute eta babes ekonomikoa ezinbesteko jo dute.

Sanferminei buruzko informazio osoa zabaltzeko www.sanferminak.eus ataria abian jarri dute. Bertan ekarpen ekonomikoa ere egin daiteke.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!