Hogei bat persona bildu dira Hipotekek Kalteturikoen Plataformak deitutako protesta saio honetan. Mariano Raxoik eta Alderdi Popularreko beste zenbait kidek hauteskunde ekitaldia egin behar zuten hotelera hurbiltzen saiatu dira, baina inguruko kaleetan polizia ugari zegoela, San Frantzizko plazan gelditu behar izan dute.
'Stop desahucios' zioen elastiko berdea jantzita, “Etxerik gabeko familia gehiagorik ez”, “Lapurreta gehiagorik ez” edo “Ez jenderik gabeko etxeak, ezta etxerik gabeko jendea ere” mezuak zituzten afixak erakutsi dituzte plataformako kideek.
Eguerdiko ordu baterako minutu batzuk falta zirela bildu dira manifestariak plazan. 13.25ean Raxoi iritsitakoan “lapurra”, “txorizoa” eta “ustela” bezalako ohiuak egin dizkiote.
Polizia hedatze handia egin da Iruñeko Alde Zaharrean Raxoiren bisita dela eta. Honek hiritar batzuen haserrea piztu du inguruko zenbait kaleetatik pasatzea galerazi dutelako.
Raxoi Iruñera heldu da Nafarroako PPren kanpainaren mitin nagusian parte hartzera. Ekitaldian izan dira ere bai Ana Beltran Foru Parlamenturako hautagaia eta Pablo Zalba Iruñeko Udalerako zerrendaburua.