San Fermin ikastolan eszedentzia hartu, eta politikaren lehen lerrora salto egin du Joseba Asiron historia irakasleak. EH Bilduren Iruñeko alkategaia da. Salto egitea erraza egin zaio, betidanik ibili delako politikaren periferian, eta EH Bilduren proiektua sinesten duelako. Ilusio handiz ari da kanpaina egiten, aldaketa oso gertu dakusalako: "Erregimenak egun 14 zinegotzi ditu. Bakar bat galtzen badu, gehiengo osoa galduko du. Oso hurbil gaude".
Honatx Metropoli Forala saioan egin diogun elkarrizketako zenbait pasarte:
Zergatik egin duzu salto politikako lehen lerrora?
Niretzako oso erraza izan da. Ditxosozko trantsizioa bizi izan genuenok orduan politikan sartu ginen, eta ordutik politikaren periferian ibili izan naiz, Nabarralde bezalako eragileetan. Gainera, EH Bildun oso eroso sentitzen naiz, lehen ez naizelako beste partidu batean egon, independente bezala sartu naizelako, proiektuan sinesten dudalako, gurea pertsonalismorik gabeko talde lana delako eta horrexegatik oso babestua sentitzen naizelako.
Aldaketa posible ikusten al duzu?
Bai. Erregimenak egun 14 zinegotzi ditu. Bakarra galduko balute, gehiengo osoa galduko lukete. Beraz, oso hurbil dago. Tamalez, aldaketa horretan ez dut PSN ikusten. Tamalez, diot, alderdi horren ibilbide historikoarengatik. Baina egun aldaketarako arazo bat dira. Uste dut berriro erabakitzeko atakan baleude eskuinerantz, erregimenaren alderantz eginen luketela.
Inoiz baino indar politiko gehiago ariko dira lehian. Zer deritzozu horri?
Zatiketa ez da arazo bat guretzako. Guk aberastasun moduan ikusten dugu. Agian udal gobernu taldea osatzea errazagoa litzateke horrenbeste alderdi ez baleude, eta EH Bildurentzat hori komeniko litzateke, baina herritar bezala oso argi dugu aniztasuna oso gauza ona dela. Ingurumari horretan, EH Bildu aldaketarako erreferente bezala ikusten dugu. Askoz fuerteago ikusten dut. Oso ongi ari gara jendearengana, auzoetara iristen. Aurrerapauso nabarmena espero dut. Argi dago aldaketarako ezinbestekoak izanen garela.
Nola baloratzen duzu Maia alkatearen legealdia?
Legealdi antzua izan da. Barcinak hiria ekonomikoki hondoratuta utzi zuen. Zorraren interesak urtean 10 milioikoak dira. Hortik atera kontuak. Maia trantsizioko alkatea izan da. Ez du apenas deus egin. Lau urtean aurrekontuak adosteko gauza ez da izan.Hori aurrekaririk gabeko gertakaria da. Gehiengo osoa balute bezala agindu nahi izan dute, gehiengo osorik eduki gabe, gutxiengoan egonda.