Hauteskundeak 2015

Edurne Egino: “Identitateen bi muturren artean ezinbesteko zubia da Izquierda-Ezkerra”

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 14a, 12:41

IE-ren Iruñeko alkategaiak dio PSNrekin ez dagoela aldaketa lortzerik, eta Podemosek zalantzak eragiten dizkiola

Edurne Eginoren irudikoz, talde txikia izanagatik ere, IE talde garrantzitsua da Iruñeko Udalean, duen eskarmentuarengatik, eta muturreko identitateen artean. Aldaketa Nafarroako Gobernuan baino gertuago dakusa Iruñeko Udalean. Honatx Metropoli Foralean egin diogun elkarrizketaren zenbait pasarte:

Podemos-Ahal Duguri elkarlanerako eskaintza egin zenioten, baina azkenean Aranzadiren aldeko apustua egin du. Zer gertatu da?

Hiru aldiz egin diogu Podemosi hauteskundeetara elkarrekin joateko gonbita, baina beste estrategia elektoral bat nahiago izan du. Errespetatzen dugu, baina ez dugu uste bide horretatik espero zituen emaitzak lortuko dituenik. Aranzadikoek pertsonen aldeko apustua egin dute, hautesle elkartea osatuz, eta alderdiak bazterrean utzi dituzte. Guk uste dugu ez dela inor baztertu behar. Esate baterako, ezin duzula bazterrean utzi azken lau urteotan Udalean sekulako lana egin duen gure taldea. Ez dute ulertzen aniztasuna, denak sar gaitezkeela, alderdiak, pertsonak zein mugimendu sozialak. Eskuina oso indartsua da. Aldaketa lortzeko, elkarrekin jokatu behar dugu. Hauteskundeen ondotik hala egin beharko da.

Ingurumari horretan, IEk zein rol joka dezake?

Identitateen bi muturren artean ezinbesteko lotura gara. Identitarioki muturretan daudenek haien identitate hori inposatu nahi izaten diete besteei. Guk elkarbizitzaren ideia sar dezakegu ika-mika horretan, aniztasunarena, errespetuarena. Talde txikia izan arren,  oso rol garrantzitsua joka dezakegu. Eta gure esperientzia ere handia da. Zinegotzi bakarra eduki arren, legealdi honetan lan gehien egin duen taldea gara. Zenbakiek hala diote. 170 ekimen egin ditugu. Udalak nola funtzionatzen duen ikasi dugu, eta hori argi edukitzea oso garrantzitsua da zure lana etekinik handiena atera ahal izateko.

Aldaketa PSNrekin ala gabe?

Legealdi honetan, UPNk eta PSNk hasieran Nafarroako Gobernuan lotu zuten akordioak erabat baldintzatu du Udalean gertaturikoa. PSNrekin elkarlanean gauza batzuk aldatu ahal izan ditugu, baina alkatea ez, alkatea ezin izan dugu aldatu PSNk ez duelako nahi izan. Orain diote ez daudela prest EH Bildurekin akordioak lotzeko. Beraz, haiek kokatzen dute beren burua aldaketatik kanpo. Frustrazio handiak izan ditugu PSNrekin, eta botoa ematerakoan argi eduki behar dugu PSN ez dagoela aldaketaren alde. Are gehiago esanen dut: zer gertatuko da Podemosekin? Podemosek ere eraginen al du aldaketaren porrota?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!