Zenbait komunikabidetan zabaldu da mezua. Sanferminetan produkzio etxe batek “Supervivientes” gisako reality show bat egiteko asmoa duela. Jende ospetsuari zezenen aurrean korrika eginaraztea, lasterka nola egin behar den erakustea izanen litzateke programa horren ardatzetako bat. Berehala Iruñeko Peñen Federazioak "onartezintzat" jo du aukera hori. Iruñeko Udalari exijitu dio, "ez ditzala eman halako programak egiteko baimenik".
Zeppelin produktorea litzateke Sanferminetan telebista saioa egin nahiko lukeena. Orain arte “Gran Hermano” eta “Supervivientes” programak egin ditu besteak beste, produktore etxe horrek.
Iruñeko Peñen Federazioak esan du, ikusita zer nolako saio sentsazionalistak egiten dituen, desegokia litzatekeela Sanferminetan halakorik grabatzea: "Hiriaren, jaiaren eta herritarren irudia desitxuratuko luke", nabarmendu du Federazioak. “Urteotan Sanfermin jaien irudi groteskoa aldatzeko egindako lana baliorik gabe utziko luke". Festak berdintasunean, eraso sexistarik gabe, aniztasunean, parte hartzaileak, eta hiriarekiko eta herritarrekiko errespetuan izateko lanean ari direla jakinarazi du Federazioak eta ezin dela onartu lan hori guztia bertan behera utziko lukeen programarik.
Koherentzia eskatu diote Udalari
Sanferminetako Mahaian egindako lana gogorarazi nahi dio Iruñeko Peñen Federazioak Udalari. Bilera horietan "koherentziaz" aritu direla uste du Federazioak eta horregatik exijitu diote ez ditzala baimenak eman edonola: “Halako telebista saioek edo publizitatek ez dute hiriko festa errespetatzen ez eta herritarrak ere”. Hausnarketa egin eta modu eraginkorrean ekiteko eskatu diote.