Hauteskundeak 2015

3.005 sinadura erregistratu ditu Aranzadik Iruñeko Udalean hautagaitza aurkeztu ahal izateko

Euskalerria Irratia 2015ko api. 16a, 13:20

Sinadura horiek balioztatzea falta da orain. Gutxienekoak lortu ondoren aurkeztuko dute hautagai-zerrenda eta zehaztuko dituzte programaren ildoak.

3.005 sinadura aurkeztu ditu Aranzadi-Iruñea denon artean taldeak Iruñeko Udaleko idazkaritzan euren hautagaitza aurkeztu ahal izateko. Sinadura horiek balioztatzea falta da orain. 3.000 iruindarren sinadurak behar ditu hauteskundeetara aurkezteko. 17 egunetan bildu dituzte sinadura horiek guztiak eta astelehenera arte ariko dira babes gehiago jasotzen.

Aranzadi-Iruñea denon artean gizarte eragileek eta norbanakoek osatutako taldea dela nabarmendu dute, Iruñean orain arte egin den politika modua eraldatzea duena helburu. “Erabateko aldaketa lortu behar da alkatetzaren izaeran eta errotik aldatu behar da politika egiteko modua”, hala nabarmendu du Aitor Balbasek, Aranzadi-Iruñea denon artean taldeko kideak.

Hauteskundeen osteko akordioak

UPN-PSN eta PP Iruñeko Udaletik kentzea da Aranzadiren lehen helburua. Horretarako gainerako alderdiekin bat egiteko aukera ikusten du.

Udalera iritsiz gero Aranzadi osatzen dutenek konpromisoak ere hartuko lituzkete: “kode etikoa onartu dugu Aranzadi taldekook eta kargu publiko izatera iritsiz gero ez genuke 1.400 euro baino gehiago irabaziko, asanbladak edo herritarrek eskatuko baligute dimisioa emateko hala eginen genuke eta dietarik, auto ofizialik edo beste pribilegiorik ere ez genuke onartuko”.

Programa zabala eratu dute, “ez da promesez beterikoa, baizik, helburuz osatutakoa”. Udalera iritsi bezain pronto, kontu-ikuskaritza bat eginen lukete, egoera zein den ikusi eta herritarrei jakinarazteko. Gero, herritarren erreskatea ahalbidetuko lukeen plana jarriko lukete abian. Horiek lirateke Iruñeko Udalerako hautagaitza aurkezteko nahikoa babes jasota aurkeztuko luketen programaren zati bat.

Sinadura bilketa astelehenera arte

Aranzadi-Iruñea denon artean kalean ari da babes bila, sinadurak biltzen. Astelehenera arte izanen dira kalean babes gehiago jasotzen. Jendearekin hartu emana izan dute egunotan eta herritarren sentsazioen berri jaso dute: “herritarrek politikan parte hartu nahi dute euren hiria sortzen ari direla sentitzeko eta aldaketarako grina ere nabarmena da”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!