Sanferminak 2015

2015eko sanferminak iragar ditzaketen zortzi afixak, umore pixka batez ikusiak

Euskalerria Irratia 2015ko api. 15a, 13:15

Iruindarrek gaurtik eta apirilaren 27ra arte bozkatu ahal izanen dute gehien gustatzen zaien kartela, pamplona.es webgunean, 948 42 01 00 telefono zenbakian eta Civivoxetan.

Gero eta gutxiago falta da. Gobernu aldaketarako? Batek daki. Klasikoek lioketen bezala, ez dezagun festa politizatu: dioguna, ziurra dena da gero eta gutxiago falta dela 2015eko sanferminetarako. Udalak 12:45ean eman ditu ezagutzera festok iragar ditzaketen zortzi afixak. Lehiaketara aurkezturiko guztien artean hautatu duten zortzikotea (askoz festak zezenketekin are gehiago lotu nahi dituztenentzako ideia: zortzi afixa hautatu ordez, datorren urtean aukera ditzatela sei kartel, sei). Orain iruindarrek nahi dutenaren aldeko bozka eman dezakete (digitalki, hemen).

Irabazleak 3.600 euro jasoko ditu. Orotara 462 lan aurkeztu dituzte. Egileen ia erdiak iruindarrak ziren. Udalaren izenean, epaimahaia osatu dute UPNko Fermin Alonso kultur zinegotziak, Geroa Baiko Itziar Gomezek, PSNko Pilar Ferrerok, PPNko Cristina Sanzek eta UPNko Paz Prietok. Bildu, Aralar eta IEko zinegotziek epaimahaikide izateari uko egin diote. Tekniko bezala epaimahaian izan dira Ignacio Domenech iazko irabazlea, Mireya Martin artista eta Edmundo Irujo disenatzailea eta Pedro Lozano udal teknikaria. Lehendabizikoz, Baionako Udalak ere ordezkari bat izan du epaimahaian: Yves Ugalde alkateordea. 

Abian da kartelak larrutzeko ohitura zahar berria

Beraz, abian da sanferminen aurreko ohitura zahar berria: aukeraturiko afixak larrutzea, ahal dela, artez,diseinuz, afixez deus jakin gabe, eta Paco Martinez Soriaren kritika eskolari jarraituz. Aurten bada arazo handi samar bat: irudipena dugu katreletako hainbat ongi diseinaturik daudela. Bihar gure inguruko zenbait irudi diseinatzaileren balorazioak bilduko ditugu, ea zuzen gabiltzan (hau benetan diogu).

Hartara, badirudi afixei egurra ematea ez dela beste zenbait urtetan bezain erraza izanen. Eutsi. Ez etsi. Baten batek herri kirol honetan parte hartu nahi badu, eta inspirazio arazoak baditu, hona hemen iruzkin tamalgarri zenbait:

 

1

Titulua: La despedida de los gigantes (Erraldoien agurra).

Iruzkin tamalgarria: Nik hor ez ditut erraldoiak ikusten, baizik eta abanikoak. Loco Mia taldearen kontzertu baten iragarkia ematen du.

 

2

Izenburua: San Fermin Pamplona lovers (San Fermin Iruñea lovers).

Iruzkin tamalgarria: Zein ederra geratu den Google Mapseko irudi horretan Amerikako Estatu Batuetako Defentsa Departamentuaren egoitza.

 

3

Izenburua: Kilikon (Kilikitzarra)

Iruzkin tamalgarria: Bai originala. Orain arte inori ez zitzaion bururatu Caravinagre izatea afixako protagonista.

 

4

Izenburua: Ciudad abierta. Hiria zabalik.

Iruzkin tamalgarria: Ez dago argi zeren apologia egiten duen, Txupinazoan titiak erakusteko ohitura zoldazu horrena ala zoofiliarena.

 

5

Izenburua: Urdin gorri (jatorrizkoan euskaraz).

Iruzkin tamalgarria: Estilo berri bat sortu da, picasso pixelizatua.

 

6

Izenburua: 8 días de rojo y blanco (Zortzi egun zuri-gorri).

Iruzkin tamalgarria: Sudurra afixatik 30 zentimetrora jartzen baduzu eta begiak itxi gabe begira-begira minutu bat ematen bauduz, Maya alkatearen aurpegia hiru dimentsiotan ikusiko duzu. Hau zorabioa.

 

7

Izenburua: Mogollon (Jendetza).

Iruzkin tamalgarria: 'Non dago Wolly?' bildumako zein aletatik atera dute marrazki hori?

 

8

Izenburua: Estallido recompensa (Eztanda & Saria).

Iruzkin tamalgarria: Hara! Hona hemen Caballe su etxeak babesturiko afixa. Bai zozoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!