Joseba Asiron: “EH Bilduk emanen dio Iruñeari behar duen arnasa”

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 15a, 08:45

Herritarrekin batzarra osatu zuen atzo koalizioak. Udalerako programa erabaki zuten parte hartzea sustatuz eta guztien artean eztabaidatu eta adostuz.

Benetako aldaketaren alde daudenekin bat egiteko prest azaldu da EH Bilduko zerrendaburua, Joseba Asiron, atzo egindako herri batzarrean. Iruñeko Udaleko aldaketa gidatzeko prestatua dagoela jakinarazi zuen koalizioak: “Leihoak ireki eta arnasa behar du hiriak, kiratsa dario”. Erabateko aldaketa izanen dela sinetsita dago EH Bildu: “Kalean eskaera gero eta irmoagoa da eta ezinbestekoa da aldaketa hori ziurtatuko duen alderdien elkarlana”, nabarmendu zuen Asironek.

Udalerako programa auzolanean eraikia dagoela gogorarazi du koalizioaren zerrendaburuak: “parte hartzailea izan da, batzarretan eztabaidatutakoa eta guztiz arrakastatsua”. Bazterketarik gabe, aldaketa nahi duen alderdi ororekin kolaboratzeko prest azaldu da Asiron, baldintza oinarrizko batzuekin: “aldaketa erabatekoaren bila joan nahi izatea, demokratikoki aritzea eta ezkerreko indarrak batzea izan behar da gure erronka”.

UPNren gidaritzapean urte gehiegi egin dituela Iruñeak iritzi du EH Bilduk, hiria grina txarrez bete du eta arazo endemikoak ere sortu dituzte. Etxebizitza arloarekin sortu den egoera salatu du Asironek: “Udalarenak diren etxebizitzak huts dauden bitartean, kaleratzeak bizi dituzte bizilagun hainbatek”. Udaltzaingoaren egoera penagarria ere nabarmendu du eta defendatu du gobernatzeko modu berria jarri behar dela abian, gardentasuna sarrarazi behar dela erakundeetan eta duintasunez aritu behar direla lanean. “Bat egiten jakin behar dugu pobreziari aurre egiteko, etxebizitza politika errotik aldatzeko, haur eskolak sustatzeko, euskarari bultzada sakona emateko eta orokorrean kultura sustatzeko”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!