Ezkaba Txikiko mazeletako belar eta zuhaixkak garbituko ditu artalde batek. Laugarren urtea da Atarrabiako udalak Zaldaitz etxaldeko ardiak ekarrarazten dituela Iruñerriara, Arriasgoitiko ibarretik. Orotara hirurehun buruko artaldea izanen da aurten, eta hilabete igaroko du bertan.
Artaldeak irailaren 27an trabeskatuko du Arreko Trinitateko zubia, eta Atarrabiako karrika nagusietan barna sartuko dira, herriko haur eta gainerako ikusleen gozagarri. Mikel Baztan, Atarrabiako udaleko iraunkortasun aholkulariak azaldu duenez, gertakari hau «urteroko ohitura» bilakatu nahiko lukete, jada «ospakizun» bilakatu den ekimen hau.
Geroz eta uda beroagoak ditugu Nafarroan, eta Baztanek ohartarazi duenez «sute baten ondotik, gero eta sute gogorragoak heldu ohi dira». Duela hiru urte sutea izan zen Ezkaban, eta sugarrak Iruñeko maldatik Atarrabiako mazeletara hedatu zirelarik, «desberdintasun nabarmena sentitu zen, erregai gutxiago baitzen ardiei esker».