Porrotean ere garaile Beti Onak

Haritz Pascual Garjon 2025ko mar. 17a, 07:48

Amara Bera Bera eta Beti Onak-eko jokalariak elkarrekin finala ospatzen

Lorpen historikoa egin du Atarrabiako eskubaloi taldeak lehendabiziko aldiz Kopako finalera helduta. Amara Bera Beraren kontra 21 - 30 galdu arren, garaipentzat hartu daiteke egindakoa.

Garaipen zaporea izan duen porrota izan da Beti Onakekek Kopako finalean lortu duena. Berez, Kopako kanporaketak lehen aldiz jokatzea oparia izan baitzen Atarrabiakoendako, finalaurrekoetara pasatzea lorpena, beraz zer esanik ez final haundi batean aritzeko aukera izatea.

Aurrez aurre, Gipuzkoako Amara Bera Bera, talde handia, lehen mailan egonkortuta eta dagoeneko Kopa irabaztea zer den bitan bazekiena. Hala ere Atarrabiakoak ez ziren kikildu eta lehen zatian hortzak erakutsi zieten donostiarrei. Bera Berako atezainak lan handia izan zuen nafarren erauntsia gelditzen eta hortxe egon zen gipuzkoarren garaipenaren gakoa. Lucia Pradesek 20 geldialdi egin eta apurka apurka tartea ireki zuten markagailuan. 21 eta 30eko bukaerako emaitzarekin amaitu zen partida baina sari banaketak irudi ederra utzi zigun. Beti Onakekon lorpena jakitun, Bera Berako emakumeek, Atarrabiakoak gonbidatu zituzten haiekin batera kopa jaso eta ospatzera. Ez da gutxirako, Atarrabiakoek, ligako liderra eta kopako anfitrioia kanporatu baitzituzten finalerako bidean. Atarrabian ere, harrera ez zen txikia izan. Kale nagusia jendez lepo, udaletxeko balkoitik agurtu zituzten jokalariak, Mikel Oteiza alkateak ongi etorria egin eta gero.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!