Neguko ohiko formatura Hatortxu Rock abenduan. Musika eta aldarrikapena 27. aldiz uztartuko dituzte, Atarrabian. Hamazazpi taldek osatzen dute kartela. Bederatzi aurrenekoz izanen dira elkartasun jaialdian: La Furia, Bulego, Angelus Apatrida, Merina Gris, Segismundo Toxicómano, Odolkiak Ordainetan, Brigade Loco, Odei Barroso eta Raimundo el Canastero.
Agur biran kontzertua eskainiko du Skakeitan talde gipuzkoarrak. Kontrako bidean, El Trono de Judas iruindarrak. Itzulera bira txiki baten barruan, Hatortxun geldialdi bat eginen dute. 1996an sortutako punk-rock taldeak 2013ko Hatortxu Rocken eskaini zuen azken kontzertua, eta jende asko erakarri zuen hitzordura.
Aurten, Mafalda, Nøgen, SA, Afu, Tremenda Jauría eta DJ Plan B taldeek borobiltzen dute kartela. Azkena da udako ediziotik errepikatuko duen bakarra. “Eta arrakasta ikusita, ezin hutsik egin”.
Sarrerak dagoeneko salgai daude, www.hatortxurock.eus atariaren bitartez, 25 euroko prezioan.
Elkartasun jaialdia
Duela 23 urte, bi helburu eta konpromiso batekin sortu zuten Hatortxu Rock. Euskal preso politiko eta haien senideek pairatzen zuten dispertsio salatzea eta honek suposatzen zituen gastu ekonomikoak arintze eta errepresaliatu politikoen gaia behin-betiko konponduta egon arte lanean jarraitzea. Gauzak aldatu dira, geroztik. “Espetxeen mapa eta zerrenda luze hori desagertzen ari dira. Euskal preso politiko asko Euskal Herriko espetxeetan daude”, azaldu du antolakuntzak. “Oraindik bada lanik. Baina helmugatik gertu gaude”, gaineratu dute.
Egun 178 euskal preso politiko daude. Eta horietatik 44 espainiar eta frantziar estatuetako espetxeetan. “Zifra hauek behera doaz, baina, esan bezala, ez dugu behera egitea nahi. Desagertzea nahi dugu”, adierazi dute. Hogeitalau erbesteratu eta bost deportatu politiko daude.